Ion Aranburu komatik atera da
Sorian talde ultraeskuindarren baten erasoa jasan zuen Antiguakoak, eta, ordutik, Burgosko ospitalean dago.
Ion Aranburu donostiarra komatik atera da, haren lehengusu Irati Aranburuk Naiz Irratiari eskainitako elkarrizketa batean jakinarazi duenez. Sorian (Espainia) gertaturiko eraso faxista antolaturikoa izan zela nabarmendu du, eta Poliziaren zein agintarien partetik jasotako tratua salatu du.
Bi aste eta erdi koma induzituan egon eta gero, hobera egin du Aranburuk. “Pausotxoak ematen ari da”, adierazi du lehengusuak. “Koman zegoela funtzio fisiko, fisiologiko eta kognitibo guztiak geldirik izan ditu eta sedazioaren ondorioak ditu. Kraneotomia bat egin behar izan zioten, presioa arintzeko. Hematomak hor jarraitzen du eta egoera larrian segitzen du. Epe luzera ikusiko da zein ondorio dituen”, gaineratu du.
Une hauetan, Burgoseko ospitalean dago, baina aste honetan Donostiako ospitalera mugitzeko tramiteak egiten hasiko direla adierazi du lehengusuak.