Mariano Ferrerren legatua liburu batean jaso dute
Mariano Ferrer kazetari donostiarrarekin (Donostia, 1939-2019) batera lanean aritu ziren hainbat kazetariren, akademikoren eta lankideren ekarpenak bilduz, Erein argitaletxeak Mariano Ferrer: el periodismo reflexivo, Kazetaritza eta konpromisoa liburua argitaratu du, eta Parte Zaharreko udal liburutegiko sotoan aurkeztu dute.
Elixabete Garmendiak koordinatu du liburuaren osaketa, eta eduki hauek ditu lanak: Ferrerren apunte biografikoak Sabino Ormazabalen eskutik, ponentzien aurkezpena Txemi Apaolazak egin du, Ferreren kazetaritza metodorako sarrera Maria Pilar Rodriguezen eskutik, iturrien tratamenduari buruzko analisi teoriko-praktikoa Txema Ramirez de la Piscinaren eskutik, Ferrerren zutabegintzari buruzko azterketa Ramon Zallok egin du, demokraziaz egiten zuen hausnarketari buruz idatzi du Pedro Ibarrak, gizarte mugimenduekin (bereziki, SOS Arrazakeriarekin) izandako harremana errepasatu du Karlos Ordoñezek, Ferrerren maisutasunari omenaldia egin dio Martxelo Otamendik, erretratu pertsonalagoa egin du Bernardo Atxagak eta epilogoa idatzi dute Ibarrak eta Zallok.
Horrez gain, iaz EHUk antolatutako udako ikastaroetan Mariano Ferrerren legatua hizpide izan zuen ikastaroan –El periodismo político como compromiso social y ético. Mariano Ferrer– Pilar Kaltzadak, Imanol Muruak, Leire Iturregik eta Txema Ramirez de la Piscinak izandako mahai ingurua liburuan transkribatuta dago eta horri buruzko solasaldia ere idatzi du Elixabete Garmendiak. Marianoren alaba Esther Ferrerrek azaldu duenez, bere aitari Kristinaenean egin zioten hiletatik Mariano Ferrerren Legatua izeneko taldea atera zela, talde horretatik atera zela udako ikastaro hori eta ikastarotik liburua. Horregatik, “eskerrak” eman dizkie liburua egiteko prozesuan parte hartu duten guztiei.
Liburuaren izenburuari eta azalari buruzko xehetasun batzuk ere azaldu ditu kazetari donostiarraren alabak: “Argi genuen periodismo hitzari adjektibo bat jarri behar geniola izenburua, eta hainbat proposamen egon ziren; azkenean, reflexivo aukeratu genuen, ondo laburbiltzen duelako Marianoren jarduna”. Bestalde, oso esanguratsua da azaleko argazkia, eta Ferrerrek nabarmendu du “behatzaile pentsatzaile” posizioa daukala Marianok irudian.
Honela laburbildu du liburua Ferrerrek: “Balio izugarria zuen pertsona bati buruzko kontakizuna da, eta baita batzuok faltan botatzen dugun kazetaritza egiteko modu baten kontakizuna ere”. Gaineratu duenez, “Mariano ez zen laudorioak jasotzeko zalea, eta, ziur aski, bere ibilbide profesionalari buruzko liburu bat gehiegi irudituko zitzaion, baina, era berean, liburuaren idazketan parte hartu duten lagun guztiekin oso eskertuta egongo zen”.
Kazetarientzat zein edozeinentzat
Garmendia izan da aurkezpenean hitza hartzen lehena, eta nabarmendu du “kazetaritza eskoletarako material baliagarria eta publiko orokorrarentzako eduki interesgarria” dakarrela liburuak, “herri honetako historia islatzen duena” eta kazetaritzaren bilakaera aztertzen duena, “Marianoren garaitik hona”. Hain zuzen ere, Ferrerren kazetaritza ereduaz aritu da Zallo: “Euskal Herrian lubaki kazetaritza egin ordez bake kazetaritza egin zuen bakarrenetakoa izan zen”.
“Ikastaroetan, Martxelo Otamendik esan zuen Mariano Ferrerren biografia idatzi behar zela”, gogoratu du Garmendiak, eta, hain zuzen, erronka hori utzi du airean: “Mariano Ferrerri buruzko bi liburu daude orain: Imanol Muruak idatzi zuena eta hau. Ea norbaitek bere biografia idazten duen eta hirugarrena hori den”.
‘Isilkeria’ eta ‘hizkuntzkeria’
Ferrerren erretratu pertsonalagoa egin du Atxagak liburuan, eta aurkezpenean ere ildo horretatik jo du; bere izaera azaltzeko, Ferrerren “bi etsai nagusiei” buruz hitz egin du: “Gaur goizean asmatutako bi hitz erabiliko ditut: isilkeria eta hizkuntzkeria“.
“Lanean hasi zenean, diktadura garaian, isilkeria zen nagusi, gezurra zegoen egunerokoan”, azaldu du Atxagak, eta gaineratu du jesuitekin izan zuen laguntasuna “probestu” zuela “bere egiak esan ahal izateko”. Idazleak azaldu duenez, “hizkuntzkeriaren garaia iritsi zen gero, gaur egunera arte iritsi dena, hizkuntzak gezur asko esaten baititu”. “Aurreko etsaia lehoia bazen, hau sugea zen, hizkuntza ezin duzulako harrapatu”; gehitu du Atxagak.
Bestalde, nabarmendu du Ferrerrek horri aurre egin ziola, “egunez egun egunkariak aztertuz”, nahiz eta lan zaila izan: “Suge bakarra izango balu aztertzeko… ordea, asko ziren”. Horrela, Atxagak aldarrikatu du “hizkuntzkeria gainditu” egin behar dela, “hiritartasuna eraikitzeko”, eta horretarako jendearen arteko “hizketaldiak” behar direla. Horrela eta guztiz ere, argi du Atxagak zergatik aritu zen Ferrer kazetaritzan: “Inguruan suge asko izan bazituen ere, maitasun handia ere izan zuelako”.