Ondarea babesten jarraitzeko diru bilketa abiarazi du Ancorak
Ancora ondarearen babeserako elkarteak laguntza eskatu die herritarrei, eta diru bilketa bat abiarazi du beraien lana egiten jarraitu ahal izateko. “2021ean, Arte Ederren eraikina eraisteko lizentzia eta Hirigintza Ondarea Babesteko Plana errekurritu genituen. Baina epaitegiek ezeztatu egin dituzte bi errekurtsoak, eta 3.000 eurotik gorako kostuak ordaintzera kondenatu gaituzte”, azaldu du Ancorak sare sozialetan.
Elkartearen ustez, “erabat bidegabea” da irabazi asmorik gabeko erakunde batek “milioi askoko fidantzei” aurre egin behar izatea, eta “gastu judizial handiak” bere gain hartu behar izatea interes publiko bat defendatzeagatik: “Donostiaren edertasuna eta ondare arkitektonikoa kontserbatzea”.
Ancorak azaldu du herritarrak “oso eskuzabalak” izan zirela beraiekin iraganean, eta horri esker ordaindu ahal izan zituela abokatuen eta prokuradoreen ordainsariak. Era berean, jakinarazi dute Hirigintza Sailak eta Arte Ederren jauregiaren jabe den SADE enpresak (etorkizuneko Hilton Hotela) 1.000 euroko lehen ordainketa eskatu dietela hilabete honen amaierarako.
Diru bilketan, “bakoitzak ahal duena” ematera gonbidatu dituzte herritarrak, eta honako baliabideak jarri dituzte martxan horretarako: Bizum (688-72 88 01), Kontu Korrontera transferentzia (IBAN – ES61 2095 5001 0091 1777 1952) eta webgunea (Ancorasansebastian.org).