Tabakalerak eta Arte Ederren Bilboko Museoak 'That Time' erakusketa bateratua aurkeztu dute
Bilboko Arte Ederren museoan une honetan egiten ari diren handitze lanen ondorioz, hango artelanak Tabakalerara ekarri dituzte. Ohiko bidearen alderantzizko noranzkoa hartuta, hau da, museo bateko bildumatik sorkuntza garaikideko zentro bateraino. Artelan horiek That Time izeneko erakusketan jaso dituzte, eta bihartik azaroaren 5era bitarte ikusi ahal izango dira Tabakaleran.
Iragana eta oraina izan dira Arte Ederren Bilboko Museoaren bildumagintza lanaren funtsezko bi ardatzak. Museoa 1908an sortu zen, eta K.o. II. mendearen eta gaur egun artean sortutako adierazpen artistikoen adibide esanguratsuak daude bertan. Bestalde, Tabakalera, bere egitekoen artean sorkuntza garaikidea, artea eta gure garaiko eztabaidak bultzatzea helburu duen zentroa, museoko bildumari buruzko ikuspegi berri bat eskaintzeko leku aproposa da. Beraz That Time orainean finkatutako begirada batez hurbiltzen da bildumara, baina begirada hori iraganera eta etorkizunera ere mugitzen da.
Museoko bilduma da erakusketaren jatorria, eta orain Tabakaleran dago erakusgai artearen eta memoriaren inguruko kontakizun bat proposatzeko. Erakusketaren izena Samuel Becketten That Time (1976) antzezlanetik dator. Lan horretan, poeta eta antzerkigile irlandarrak hiru ahots sortzen eta nahasten ditu, protagonistaren bizitzako hiru momenturen berri emateko: gaztaroko ahotsa, helduaroko ahotsa eta zahartzaroko ahotsa. Era berean, Tabakalerako erakusketa-espazioetan barrena egindako ibilbide zirkular batean antolatua dago erakusketa, honako hauek birsortzen dituzten hiru ahots horietan islatutako hiru eremutan: iragana (C ahotsa, zahartzarokoa), oraina (A ahotsa, helduarokoa) eta etorkizuna (B ahotsa, gaztarokoa). Horien bidez, bisitariak bilduma baten denboraren eta historiaren hiru aro ezagutuko ditu.
Erakusketa ibilbide zirkularra
Erakusketa-espazioa 500 metro karratu baino gehiago zabalduz, That Time erakusketak 1.500 metro karratu hartzen ditu guztira, Tabakalerako lehen solairuan barrena ibilbide zirkularra osatzen duten 80 artistaren 107 lanekin.
Erakusketak zenbait egileren eta zenbait arotako hamaika busto eskultorikorekin ematen dio ongietorria bisitariari, eta horiek erretratuen izaera memoriala azpimarratzen dute; izan ere, munduaren eta aldi baterako gauzen hauskortasunaren aurrean, gure artean ez dagoenaren oroitzapena bizirik mantentzen dute. Memoria aldarrikatzen du, eta, iraganetik, beste denbora (bizien denbora) eta toki batera (etorkizuna) eramaten gaitu. Batzuk anonimoak eta data ezezagunekoak dira, eta, beste batzuk, aldiz, artista ezagunek eginak (Francisco Durrio, Quintín de Torre, Josep Clará, Eduardo Arroyo).
Irudietan garai batean ezagunak izan ziren pertsonak daude (Aurelio Arteta margolaria, Joséphine Baker dantzari eta abeslari afro-amerikarra), baita ezezagunak ere. Hamaika bustoak Pausa pulsar ekoizpen berriarekin batera daude espazioan. Ekoizpen hori Ainara LeGardon artistak sortu du; konposizio bokal bat da, eta hainbat garai, tamaina eta ezaugarritako bozgorailuen bidez entzun ahal izango da. Horiek, era berean, busto hiztun gisa hartzen dira.