Behin-behineko Tokiko Gobernu Batzorde berria osatu dute
Eneko Goia alkateak hasi berri den legealdiko Tokiko Gobernu Batzorde berria izendatu du, gaur goizean egindako bileran. Batzordea EAJko bost kidez osatuta egongo da, alkateaz gain. Hauek izango dira Tokiko Gobernu Batzorde berria osatuko duten zinegotziak: Nekane Arzallus, Kerman Orbegozo, Juanra Viles, Martin Ibabe eta Maria Jesus Idoeta.
Udalak iragarri du gaurko osaketa ez dela behin betikoa izango. Aldaketak egongo dira EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa adosten badute. Tokiko Gobernu Batzordearen izendapenak udal administrazioaren funtzionamendua eta hartu beharreko erabakiak legez gauzatzea bermatzen du.
Bestalde, bozeramaile batzordearen lehenengo bilera egin dute, eta legealdiko aurreneko osoko bilkura uztailaren 4an egitea adostu dute. Gainera, udaletxearen funtzionamenduarekin zerikusia duten neurri batzuk hartu dituzte: udaletxean egin ohi diren ezkontzak eta udalbatzako eserlekuen banaketa fisikoa, besteak beste.