Herri bazkaria, jaiak auzora gehiago zabaltzeko asmoz
Ohiko egitaraua izango dute Altzako San Martzial jaietan, baina badira berritasunak ere; herri bazkaria antolatu dute lehenengoz, eta horrez gain, garai batean jartzen zuten txosna berreskuratuko dute auzotarren eztarriak freskatu ahal izateko.

Altzako San Martzial jaiak ofizialki ekainaren 29an hasiko badira ere, egitarauan gaurtik aurrera programatu ditu jarduerak Altzatarra kirol elkarteko antolatzaile taldeak. Jaiak hasteko, gomazko eta larruzko paletako finalak izango dira gaur, 18:30etik aurrera, eta, ondoren, sari banaketa egingo dute. 21:30ean, San Martzial pilota txapelketako eta mus txapelketako partaideekin afaria egingo dute, Altzarra elkartean bertan.
Bihar, San Joan egunez, urteroko erromeria egingo dute auzoko baserrietatik, jaietako egitarauak banatzeko. 09:00ean hasiko dira, eta Donostiako Musika Eskolako trikitilarien laguntza izango dute.
Alfonso Martinez Altzatarra elkarteko lehendakariak azaldu duenez, elkarteko kideek auzoko gazte talde batekin batera antolatu dituzte jaiak, eta hiru hilabete inguru daramatzate horretan. “Gutxi gorabehera, urtero errepikatzen diren jarduerak daude, baina badira gauza berriak ere”, jakinarazi du Martinezek.
Sagardotegia, plazan
Berritasunen artean, lehenengo aldiz egingo duten herri bazkaria nabarmendu du Altzatarra kirol elkarteko lehendakariak. “Uztailaren 1ean izango da, 14:30ean, San Martzial plazan. Sarrera guztiak salduta daude ia, eta 150-170 lagun inguru joatea aurreikusten da”, azaldu du.
Martinezen arabera, jendeak eskatzen zuelako erabaki dute herri bazkaria antolatzea. “Festak auzora gehiago zabaltzeko eta jende gehiagok gozatzeko pentsatu dugu herri bazkaria egitea, izan ere, batzuei iruditzen zitzaien lehen jai hauek ez zirela oso parte hartzaileak, eta gehiago zirela elkarteko jendearentzat. Pentsaera hori aldatu nahi dugu, eta festak guztiontzat izango direla ziurtatu”, adierazi du.
Horretarako, sagardotegi moduko bat muntatuko dute San Martzial plazan, Trikitxotx janari enpresaren eskutik. Helduentzako menuan, urdaiazpikoa, txorizoa sagardotan, bakailao tortilla, saiheski errea, gazta, irasagarra eta intxaurrak izango dira. Haurrentzat, aldiz, makarroiak boloniar erara, haragi pintxoak eta postrea prestatuko dituzte.
Bazkaltzera joan aurretik ere badute plana Altzako auzotarrek egun horretan. Pilota partida jokatuko dute Titin III.a-Koka eta Bengoetxea VI.a-Goñi II.a bikoteen artean. “Partida garrantzitsua izango da, eta uste dut jende asko elkartuko dela bertan”, adierazi du Martinezek.
Berreskuratzeak
Berritasunez gain, badituzte berreskuratutako hainbat gauza ere San Martzial jaietan. Esaterako, garai batean jaietan jartzen zuten txosna berreskuratuko dute aurten. “Lehen jartzen genuen, baina udalak baimena kendu zigun behin. Hala ere, badirudi aurten berriro uzten digutela txosna jartzen”, jakinarazi du Martinezek.
Bestalde, ekainaren 30eko gauean, zezensuzkoa itzuliko da Altzara. “Hori ere kendu egin genuen garai batean, baina esan dezakegu orain gauza gehiago ari garela antolatzen San Martzial jaietan”, adierazi du.
Uztailaren 2an emango diete amaiera jaiei, Altzagainako XXV. Sagardo Egunarekin.