Oletak indartsu jarraitzen du jaien antolakuntzan
Iaz jaiei aurre egiteko zailtasunak izan zituzten, eta une batean, jaiak berriro ez antolatzea ere pasatu zitzaien burutik. Ordea, Oletako jai batzordea biziberritu egin da, eta auzotarren laguntzaz lortu dute berriro ere San Joan jaietako lau eguneko egitaraua prestatzea.
Oletako jai batzordeak ia 80 urte daramatza jaiak antolatzen. “Badirudi atzo izan zela, eta hasi ginenetik ja 77 urte igaro dira. Guztion festak dira, egunerotasunaz ahaztu, bizikide izan, eta denok gozatzeko aukera ematen dutenak, talde langile, gogotsu eta desinteresatu baten lan kementsuaren ondorioz”, azaldu du Oletako jai batzordeak aurtengo jaietako egitarauan.
Jai batzordeko kidea da Josean Ojer, eta IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, auzotarrak asko inplikatzen dira jaien antolakuntzan. “Altzako tabernek eta dendek laguntzen digute jaiak antolatzen. Horrez gain, jaietako egitarauarekin joaten gara etxez etxe, eta jendeak dirua ematen digu”, azaldu du. Kasu horretan ere, jendea eskuzabala dela gaineratu du: “Batzuetan, etxeren batetik pasatzen garenean, jabea ez da egoten. Norbaitek pentsa dezake dirua emateaz libratu dela eta kitto, baina Oletan, bereziena da ondoren bizilagun hori gugana etortzen dela dirua emateko”.
Iaz, zalantza egin zuten aurten jaiak berriro antolatu edo ez, baina egoera horri “buelta” eman diotela aitortu du Ojerrek, eta aurtengo jaietarako gogoz daudela nabarmendu du: “Egia esan, jaiak antolatzeari utziko geniola beroaldi batean esan genuen, izan ere, iaz diru gutxi genuen, euria egin zuen, eta horrek min handia egin zigun. Gauza batzuk bertan behera utzi behar izan genituen, eta kontratu bat egiten duzunean, zati bat ezinbestean ordaindu behar da, nahiz eta gero talde horrek kontzerturik ez eskaini, adibidez”.
Esan bezala, ia 80 urte daramatzate jaiak antolatzen, eta Ojerren arabera, jai batzordeko kide batzuk “zahartzen” ari dira. “Gazteek erreleboa har dezaten saiatzen gara. Zorionez lortu dugu, eta gazte talde bat sartu da jai batzordean. Pixkanaka, etorkizunean, jaiak beraien kabuz antolatzea da asmoa”, jakinarazi du. Jai batzordeko kideak dioenez, toki askotan jaiak desagertu egin dira belaunaldi berriek ez dutelako horretarako konpromisorik hartu, baina Oletan lortu dute aurrera egitea: “Kontuan izan behar da Oletan ez dagoela komertziorik ia, eta, hala ere, jendearen inplikazioari esker jarraitzen dugu lanean”.
Herri afaria, lehengoz
Ojerrek azaldu duenez, aurtengo egitarauan hainbat berritasun dituzte; herri afaria, esaterako. “Herri afaria antolatu dugu lehenengoz. Atzo egin genuen, auzotar bakoitzak bere afaria ekarri zuen, eta denok elkarrekin afaldu genuen. Edariak txosnan eskatu genituen. Egia esan, horixe da jaietako birika, txosnaren bidez lortzen dugulako diru gehien”, aitortu du Ojerrek.
Urteroko legez, aurten ere urdaiazpikoaren pisua zein den asmatzeko aukera izango dute auzotarrek. “Urdaiazpiko bat ekartzen dugu, eta pisua eskutitz batean gordeta egoten da azken egunera arte. Auzotarrek euro baten truke esan dezakete zenbat pisatzen duen urdaiazpikoak beraien ustez, eta, azken egunean, gehien gerturatu denarentzat izaten da urdaiazpikoa”, azaldu du.
Bitxikeria gisa, azaldu du baduela Azpeitiko (Gipuzkoa) lagun bat, urtero Oletako jaietara joaten dena. “Lagun horrek esaten du Oletako jaiak ezkontza handi bat bezalakoak direla, guztiok elkar ezagutzen dugulako”, adierazi du barrez.