«Bereizketarik gabeko harrera» eskatu dute Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Giza Eskubideen arloan lan egiten duten hainbat elkartek elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren, “bereizketarik gabeko harrera” aldarrikatzeko.
SOS Arrazakeria, Zehar Errefuxiatuekin, Amnesty International era Harrera Sareko kideek salatu dute Europar Batasuna eta Espainia asilo eskubidea ukatzen ari zaiela pertsona migratzaile askori. “Egun hauetan bertan, Mediterraneoko uretan ehunka migratzaile eta errefuxiatu hil izanari buruzko albiste dramatikoak izan dira, eta hondoratzeko arriskuan daudenen salbamendua egitera behartuta dauden agintariak geldirik geratu dira. Mediterraneoan inoiz izan den tragediarik handiena izan da, 700 migratzaile eta errefuxiatu baino gehiago zeramatzan ontzi bat hondoratu baita”, salatu dute.
Era berean, gogorarazi dute orain urtebete, ekainaren 24an, dozenaka pertsona hil zirela Melillako hesia (Espainia) zeharkatzen saiatzen ari zirenean, poliziaren “esku hartze basati baten ondorioz”. “Inork ez du erantzukizunik bere gain hartu, eta hil zirenek eta indarkeriaz kanporatuak izan zirenek ezin izan zuten asilorik eskatu”, deitoratu dute.
Horiek horrela, asilo eskubidea “etengabe zalantzan” jartzen dutela adierazi dute. “Kontrol sistemak gogortzeak Europara itsasoz iritsi nahi dutenak gero eta ibilbide arriskutsuagoak hartzera behartzen ditu”, nabarmendu dute. Azaldu dutenez, “gero eta gehiago” dira Europara iristea lortzen ez duten pertsona migratzaileak: 2020 eta 2022 artean, 5.744 pertsona hil edo desagertu ziren Espainiako kostaldera iritsi nahian.
Iristen direnentzat, asiloa eskatzeko poliziarekin hitzordu bat eskuratzea “ia ezinezko” bihurtu dela salatu dute. “Asilo eskubidea desitxuratu arte inguratzen duen zurrunbilo burokratikoan ahalegin handiz aurrera egitea lortzen dutenei, gehienetan, eskaera ukatzen diete. “2022an aitorpen tasa %16,5 izan zen Espainiako estatuan; EBko batezbestekoa, aldiz, %38,5. Maltak eta Ziprek soilik dute tasa txikiagoa. Eta ukatzeak irregulartasuna dakar, izan ere, bizileku eta lan baimenik gabe ate asko kolpean ixten dira, eta prekarietatea nagusitzen da”, azaldu dute.
Hori dela eta, errefuxiatuak eta migratzaileak Euskal Herrira eta Espainiara “bizitza arriskuan jarri gabe iritsi ahal izatea bermatzea” aldarrikatu dute, legezko bide seguruak erraztuz. Gainera, pertsona guztiek asilo eskubidea izango dutela bermatzea eskatu dute, “jatorrizko herrialdea edozein dela ere”. Horretarako, kasuak “banan-banan” aztertu behar direla esan dute, “nazioarteko babeserako eskubidea bermatuz eta errespetatuz”.