Amador Tolosa bildumagilearen 80 bizikleta jarri dituzte ikusgai San Telmo Museoan
Aurtengo Tourraren irteera Euskal Herrian egingo dela eta, Bizikletak. 150 urte erakusketa jarri dute San Telmo Museoko elizan, abuztuaren 6ra arte. Amador Tolosa gipuzkoar bildumagilearen 80 bizikleta ikus daitezke bertan.
Erakusketa bost ataletan antolatu dute, bizikletekin lotutako aspektu desberdinei erreparatuz. Ofizioei dagokienez, lanbide desberdinetan erabilitako bizikletak egongo dira, besteak beste, postariek edo suhiltzaileek erabilitakoak. Atal honetan zazpi bizikleta daude, zaharrena 1914. urtekoa.
Historiari eta bilakaerari erreparatuz, 26 bizikleta daude ikusgai. 1860an, Espainian egindako bizikleta batetik hasi eta XXI. mendean EstatuBatuetan sortutako batera iritsi arte, hiru mende zeharkatzen dituen atal honetan Alemanian, Frantzian (hasiera-hasierako Michaux-k sortutako bizikleta), Holandan, Ingalaterran eta Italian sortutako piezak ere biltzen dira, hainbat etxetakoak.
Kirolen eta txapeldunen atalean hamasei bizikleta daude. Horietako batzuk XX. mendeko lehen hamarkadako Tourretan erabilitakoak dira, eta tartean Ferrarrik 1980. urtean sortutakoa ere badago. Hauekin batera ikus daitezke Tourra irabazitako lau txirrindulariren bizikletak ere: Txomin Perurena, David Etxebarria, Samuel Sanchez eta Fernando Escartin, beste batzuekin batera.
Euskal Herrian egindako hamasei bizikleta ere badaude, guztiak XX. mendekoak –1920ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara–. Euskal Herrian bizikletaren inguruan garatutako enpresetan egindakoak dira: BH, GAC, Orbea, Razesa.
Azkenik, haurrentzako eta gazteentzako hamabost bizikleta daude ikusgai, eta zaharrena XIX. mende bukaerakoa da –egurrezko belozipedoa–. Berrienak XXI. mende hasierakoak dira, besteak beste, Chopper modukoa.