Convent Garden eraikinaren hotel eskaintza areagotu nahi dutela dio Ancorak
Lau jasodura erantsi eta sestra azpiko hiru solairuko aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten ditu udalak onarturiko xehetasunen azterketak.
Erdialdeko Convent Garden eraikina handitzeko proiektua salatu du Ancora ondarearen babeserako elkarteak. Pasa den otsailean, Donostiako Udalak komentuaren xehetasun azterketa onartu zuen. Lau jasodura erantsi eta sestra azpiko hiru solairuko aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten du.
Ancorak azterketaren kontrako alegazioak aurkeztu zituen apirilean, baina udalaren erantzunik ez dutela jaso gaineratu dute. Aldiz, elkartearen salaketa gezurtatu dute udaleko iturriek.
Convent Garden eraikina Erreparazioko Amaren komentua izan zen, eta hiriaren eraikin historikoen artean dagoela nabarmendu du Ancorak: “Proiektu honek inpaktu bisual larria sortzen du erakin historikoaren gainean”.
Gainera, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia (EHOBPB) urratzen duela diote: “Obrak berezko elementuen desagertzea suposatu dezakeelako: harrian zizelkatutako elementu iraunkorrak, adibidez. Elementu hauek –teilatupeko balaustrada eta tenpluaren burualdeko horma–desagertzeak babestutako ondasuna kaltetuko luke”.