Cristina Enea fundazioak parkeko udako aldaketak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu
Kristinaenea parkeak udan izaten dituen ingurune aldaketak ezagutzeko bisita gidatuetan izena emateko epea zabalik dago, hemen. Bisita gidatuei esker, urteko hilabete beroenetan itzalek duten garrantzia nabarmendu nahi dute, itzalguneak oasi bihurtzen direlako. Helduentzako bisita gidatuak uztailaren 9an eta 23an izango dira, 11:30ean.
Kristinaenea parkeko ingurunea osatzen duten animaliek eta landareek duten garrantzia nabarmentzeko eta urtaroetan dituzten aldaketak ikusteko bisita gidatuak antolatzen dituzte urteko lau urtaroetan. Orain, udan, aldaketa horiek oso nabarmenak direla eta bisitariek parkearen itzalaz gozatzeko eta itzalguneak apreziatzeko aukera izango dutela adierazi du Jon Altunak, Cristina Enea fundazioko hezitzaileak. Gainera, nabarmendu du parkeak bere estanpa onenetako bat eskaintzen duela udan. Itzala animaliek, landareek eta gizakiek beharrezkoa dute, eta parkean barrena itzalgune ugari daude bertako zuhaitzei esker.
Itzalak babesleku izateaz gain, animaliek janaria lortzeko guneak ere badira. “Udak ere berezitasunak ditu eta hori zuhaitz, landare eta abarretan islatzen da”, esan du hezitzaileak. Zuhaitz asko fruituz betetzen dira udan, eta hosto asko dituztenez, zuhaitzek itzala sortzen dutela adierazi du Altunak. Gero bisitariek itzalak ematen duen freskotasun hori aprobetxatu dezaten.