Jose Antonio Sistiaga zendu da
Jose Antonio Sistiaga artista donostiarra hil da (Donostia, 1932 – Ziburu, Lapurdi, 2023), Ziburun (Lapurdi), bere etxean. Igande goizean zendu zen Sistiaga, 91 urterekin, bere etxean bihotzekoak jota. Ibilbide luzeko artista izan zen donostiarra, eta Gaur taldearen sortzaileetako bat izateagatik zen bereziki ezaguna; hain zuzen ere, bizirik jarraitzen zuen taldekide bakarra zen.
Hedabide honek elkarrizketa zabala egin zion iazko otsailean, Kursaaleko Kubo Kutxa aretoan jarri zuen De rerum natura atzera begirako erakusketaren harira. Besteak beste, Gaur taldea nola sortu zen kontatu zuen Sistiagak: “Lorik egin ezin nuen egun batean izan nuen ideia. Goizeko laurak aldera, pentsatzen ari nintzela, esan nuen: ‘Zergatik ez dugu egiten beste erakusketa bat, Erakarpen eta Turismo Zentroak antolatutakoaren aldi berean?’. Hain justu, garai hartan zentroak erakusketa bat zeukan antolatuta, ez dut gogoratzen zein aretotan, non mundu guztiak jarri zitzakeen ikusgai bere lanak. Ez nengoen sistema horrekin ados, eta horregatik izan nuen ideia hori. […] Hurrengo goizean, esnatu eta Amableri [Arias] deitu nion. Esan nion zerbait neukala berari esateko, eta kafe bat hartzeko gelditu ginen. Asko interesatu zitzaion ideia. […] Bide batez, Oteizak eman zion izena Gaur taldeari; Madrilera bidaia bat egin zuen, eta izen horrekin itzuli zen”.
Parisen egin zituen pintura ikasketak Sistiagak, eta askotariko estiloak nahastu zituen 1955. urteaz geroztik. Abstrakzio informalaren figura garrantzitsuenetako bat izan zen, eta zeluloidearen gainean margotutako historiako lehenengo film luzea egin zuen: Ere erera baleibu izik subia aruaren (1968). Filmaren izena nondik datorren ere azaldu zuen aipatu elkarrizketan: “Madrilen nengoen, eta filma Poliziaren aurrean aurkeztu behar nuenez, asmatutako euskara batezko izenburu bat jartzea erabaki nuen. [Rafael] Balerdiri deitu nion, eta berak asmatzen zituen izenburu horietako bat emateko eskatu nion, ez oso luzea eta ez oso motza. Esan zidan, ‘ea zer iruditzen zaizun hau: Ere erera…‘. Telefono kabina batetik ari nintzen deitzen, eta han bertan apuntatu nuen, paper batean”.