Kalean Urban Fest jaialdiaren estreinaldia
Gipuzkoa Basketek Kalean Urban Fest jaialdia sortu du hainbat diziplinen arteko harremana sustatzeko. Ostiraletik igandera bitartean egingo dute lehenengo aldiz, Tabakaleran. Saskibaloia, artea, merkataritza eta kultura uztartuko dituzte. Jarduerak doakoak izango dira, Tabakalera barrualdean eta kanpoaldean egingo dituzte.
Ostiralean, hilaren 30ean, jaialdiari hasiera emango dion 3×3 basket txapelketa antolatu dute, Tabakalera barruko plazan. Txapelketan izena emateko parte hartzaileek basketkalea@gmail.com helbidera bidali behar dituzte datuak. Kategoria desberdinetan banatuko dute txapelketa, eta gizonezkoen eta emakumezko profesionalen erakusketa egongo da. Nestor Basterretxea plazan skatean aritzeko ikastaroak ere egongo dira, ostiralean eta larunbatean zehar, 11:00etatik aurrera. Arratsaldean aldiz, merkataritzak garrantzia handia izango du, eta merkataritza iraunkorreko eta hurbileko merkataritzaren azoka izango da kanpoko bi plazetan. Tabakalerako Z aretoan, arratsaldean, bi aurkezpen egongo dira saskibaloiaren inguruan.
Larunbatean, uztailaren 1ean, ostiralean hasitako basket txapelketak, skate ikastaroak eta azokak jarraipena izango dute, eta goizean zehar hitzaldiak egongo dira. Arratsaldean, Blas Otero plazan Euskadiko mini arrapala txapelketaren txanda izango da, 15:00tatik aurrera, eta egunari amaiera emateaz Solar Sound System taldea arduratuko da. Kontzertua 17:00tan hasiko da Nestor Basterretxea plazan, eta gaueko bederatziak arte iraungo du.
Igandean, uztailaren 2an, larunbateko jarduera berdinak egongo dira; aldaketa bakarra, arratsaldean izango da. 15:00tatik 21:00etara surf ikastaroa antolatuko dute Blas Otero plazan. 3×3 txapelketaren finalak ere jokatuko dira egunean zehar, Andre zigarrogileak plazan. Solar Sound System taldearen kontzertuarekin amaiera emango diote hiru eguneko egitarauari.