Maddi Marquet donostiarra bigarren azkarrena izan da Donostiako triatloian
36.ez egin zuten igandean Donostiako Onditz Oroituz triatloia, eta, emakumezkoetan, Maddi Marquet atleta donostiarra izan da bigarren sailkatua, 02:20:38 orduko denbora eginda. Iazko marka hobetu du, hirugarren sailkatua izan baitzen orduan. Donostiako Atletikok antolatuta, distantzia olinpikoa egin zuten kirolariek: 1.500 metro igerian, 38,5 kilometro bizikletan eta hamar kilometro korrika.
Marqueten aurretik bukatu zuen Jessica Ewart australiarrak (02:16:08), eta Mikalya Messerrek osatu zuen emakumeen podiuma (02:20:49). Gizonezkoei dagokienez, Oscar Dart australiarra izan zen irabazlea (01:54:38), Sam Parry zeelandaberritarra izan zen bigarrena (01:55:24) eta Alusigma Peñota Dental taldeko Joanes Goitisolo Otazua izan zen hirugarrena (01:56:03).
Bestalde, larunbatean emakumezkoen triatloia egin zuten, izaera herrikoiagoa duen proba, eta hauek izan ziren lehenengo hiru sailkatuak: Elisa Ester (00:29:25), Laura Arroyo (00:31:13) eta Olatz Manuel (00:31:14).