'Zirkularrak' erakusketa inauguratu dute Kristinaenean
Ihobek antolatzen duen diseinu ekologikora eta ekonomia zirkularrera bideratutako bertako produktuen Zirkularrak erakusketa Donostian antolatu dute, Kristinaeneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Erakusketa ikusgai dago pasa den ostegunetik, hilaren 22tik, eta irailaren 10era arte luzatuko da. Bertan, hainbat euskal enpresek ekoiztutako 140 produktu inguru ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoak antolatzen duen erakusketa lehen aldiz egingo dute Donostian. Erakusketa honen bitartez, sektore desberdinetako euskal enpresek eurek sortutako produktu ekologikoak aurkeztuko dituzte. Cristina Enea fundazioaren helburuekin bat eginez, bertako ekonomia zirkularra sustatzeko erakusketa antolatuko dute udan. “Gure inguruko enpresek ingurumenaren eskakizun berrietara egokitzeko egiten duten lan eta ahalegin ona ezagutzeko aukera bat da”, adierazi du Eneko Calvo Cristina Enea fundazioko erakusketa proiektuen arduradunak.
140 produktu inguru izango dira “erakusketa ibiltariaren helmugan” ikusgai egongo direnak. Produktuak gehienbat industria sektorearekin eta kimikarekin lotuta daude. Produktuen ekoizpenean diseinu ekologikoko metodologiak aplikatu dira, horren ondorioz, ingurumen inpaktua murriztea lortzea lortu dutela esan dute antolatzaileek. Erakusketa Euskal Herriko beste tokietan ere aurkeztu zuten 2022. urtean, Gasteizen eta Irunen, hain zuzen ere.
Donostian, erakusketaz gain, jarduerak antolatuko dituzte egun horietan zehar. Erakusketa doakoa eta librea izango da, eta astelehenetik larunbatera irekita egongo da, goizetik arratsaldera, eta igandeetan, aldiz, 10:00tatik 14:00tara zabalik egongo da.