Estatuaren indarkeriaren biktimak omendu dituzte La Cumbre jauregiaren ondoan
Astelehenean (hilak 26) Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta Egiari Zor fundazioak estatu indarkeriaren biktima guztien omenezko ekitaldia egin zuen Donostian, Aieteko La Cumbre jauregiaren ondoan. Berria egunkariak jasotako Egiari Zorreko Garazi Castañoren hitzetan, La Cumbre “sinbolismo handiko” lekua delako egin zuten han omenaldia; izan ere, jauregi horretan torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala. Castañok gogorarazi zuen La Cumbre udalaren eskuetara pasatu behar dela, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin adostutako Memoria Demokratikoaren Legearen baitan, bertan memoria historikoa lantzeko. Akordio horren arabera, urrirako pasatu behar da jauregia udalaren eskuetara.
Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Kooperazio sailburuordea egon zen ekitaldian, eta EH Bilduko ordezkari ugari ere egon ziren, besteak beste, Donostiako EH Bilduren bozeramaile Juan Karlos Izagirre eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako diputatu Maddalen Iriarte. Omenaldian, estatuaren indarkeriaren biktimen omenezko lore eskaintza egin zuten, eta aurreskua dantzatu zuten. “Ekainaren 26a estatu indarkeriaren biktimen oroimenerako eta duintasunerako eguna da. Egun hau urtero eta ofizialki oroitzeko lekua izan beharko luke La Cumbrek”, nabarmendu zuen Castañok.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak atzoko egunean biktimen omenezko ekitalditik antolatu ez izana eta ekitaldia atzeratu izana kritikatu zuen Castañok. Atzerapenaren arrazoia “alderdi interesak” direla salatu zuen, baita indarkeriaren jatorriaren arabera “biktimen artean dagoen tratamendu asimetrikoan sakontzen” duela deitoratu ere.
Bestalde, Pilar Garaialdek –Triple A taldeak eraildako Pablo Garaialderen alabak– nabarmendu zuen “Estatuaren indarkeriaren biktimei, aitortza ofizialerako ezarritako legezko mekanismoen bidez aitortuak izan diren guztiei” egiten zietela omenaldia. “Jasandako sufrimendua eta biktimizazioa aitor diezaieten borrokan diharduten horiei guztiei; komunikabideetan tarterik txikiena ere ez duten horiei; efemerideetan agertzen ez direnei; oroimen plakarik eta memoria lekurik eskaintzen ez zaizkienei, debekatutako izen-abizenak dituztenei; kontatu ezin den historia dutenei. Horiei guztiei”, gehitu zuen.