Pilar Kaltzada da Save The Children erakundeko Espainiako presidente berria
Pilar Kaltzada Gonzalez kazetari donostiarra (Donostia, 1970) hautatu dute Save The Children erakundeko Espainiako presidente, erakundearen gobernu organoak berritzeko larunbateko prozesuaren ostean. Berarekin batera, lehendakaritzan egongo dira Gorka Aretxabaleta eta Gema Reig, lehendakariorde gisa. Bestalde, Isabel Lazaro izango da idazkaria.
Kaltzada 2016tik da Espainiako Save The Children patronatuko kide, eta presidenteordea izan da azken hiru urteotan. Komunikazioaren arloko kudeaketan eta aholkularitzan hogei urte inguruko esperientzia du Kaltzadak. Besteak beste, enpresa pribatuetan eta erakunde publikoetan exekutibo eta aholkulari lanetan aritu da, kazetaria eta komunikazio estrategikoko aholkularia da Linking Ideas erakundean, Berria Taldeko administrazio kontseiluko kide izan da eta EnpresaBIDEA hedabidearen sustatzaileetako bat da.
Hautaketaren harira, zera esan du donostiarrak: “Mundu osoko krisi humanitarioek, gerrek eta desorekek eragin handia dute milioika haurren bizitzan, eta ezin gara besoak gurutzaturik gelditu”. Mundu osoan haurren eskubideen alde lan egiten du Save the Childrenek. 120 herrialdetan baino gehiagotan dabil gaur egun. Euskal Herrian, hogei urte baino gehiago daramatzate jardunean, “arlo politikoan eta sozialean jarduera ugari garatuz nahiz hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori”, erakundearen esanetan.