Txirrindularitzari buruzko material guztia eskura jarri dute
Euskadiko Filmategiak bere artxiboan dauzkan txirrindularitzari buruzko material guztia eskura jarri du. Ostiralean, Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko dela eta, zinema eta txirrindularitza zaleak omendu nahi dituzte, eta beraien artxiboan dituzten kirol honi buruzko filmak bildu eta webgunean eskura jarri dituzte.
Filmategiaren atariko Funtsak atalean kontsultatu ahal dira Txirrindularitza bilduma osatzen duten 90 film amateurrak, partikularrek filmatuak eta Euskadiko Filmategian digitalizatu, dokumentatu eta katalogatu direnak. 1920 eta 1980 urteen artean egindako filmazioak dira eta bertan ikus daitezke amateurren lasterketak, Frantziako Tourreko etapak eta Euskadiko Sei Orduak, besteak beste.
Pelikula zaharrena 1920ko hamarkadakoa da –urte zehatza jakina ez den arren–, eta Ricardo Bastida arkitektoaren familiak utzi du. Jendea mendate batean txirrindulariak noiz igaroko zain ikusten da irudi horietan. Aipagarria da baita ere V Gran Premio Bicicleta Eibarresa (1956) filma, Eibarko Udalak utzia eta Euskadiko Filmategiak berritua.
Gainera, profesionalen, amateurren eta kadeteen lasterketen filmazio asko ikus daitezke; Donostian eta Lasarte-Orian 1965ean egindako munduko txirrindularitza txapelketetako irudi batzuk; Frantziako Tourreko etapak Euskadi eta Pirinioak zeharkatzen; edo Espainiako Itzuliko etapen irudiak Donostian bukatu zenean, besteak beste.