Donostiako ospitalean dago Ion Aranburu
Hilabete pasatu da Ion Aranburu donostiarrak (Antigua, 1979) Sorian (Espainia) ultraeskuindar batzuen erasoa pairatu zuenetik, eta, pixkanaka, aurrerapausoak ematen ari da. Hain zuzen ere, joan den astean atera zen komatik, eta Donostia Ospitalean dago ostiraletik, Zaintza Intentsiboko Unitatean (ZIU). Haren lehengusina Irati Aranburuk ETBri azaldu dionez, errehabilitazio luzea dauka aurretik Ionek, erasoak kalte larriak eragin baitizkio: “Mugitzen hasi da eta hitz egiten saiatu da, baina ezin du, trakeotomia eginda daukalako. Estimuluei erantzuten die, baita ere”.
Maiatzaren 27an gertatu zen erasoa, Numanciaren eta Cornellaren arteko partidaren aurretik. Aranburu Cornella de Llobregateko (Herrialde Katalanak) lagun batzuekin partida ikustera joan zen Soriara, eta taberna batean zeudela, ultraeskuindar talde batek eraso egin zien, donostiarra larriki zaurituta utziz. Koma induzitu behar izan zioten, eta Burgosko ospitalean egon zen ostiralera arte.
Duela bi aste, Aranbururi babesa adierazteko elkarretaratze jendetsua egin zuten Antiguan, eta senideak zein lagunak eskertuta agertu dira jasotako babesarekin. Halaber, Sorian gertatutakoa argitzeko eskatzen ari dira. Hain zuzen ere, Juanjo Zubiria Sorian zegoen Aranbururekin, eta erasoa nola bizi izan zuen kontatu zion hedabide honi elkarretaratzearen aurretik. Besteak beste, salatu zuen erasoa “antolatua” izan zela: “Argazki batzuk pasatu dizkigute, non ikusten den bigantxen ikuskizun bat antolatu zutela Orgullo Numantino ultra taldekoek, Guetto 28koekin eta, ustez, Ligallokoekin batera. Beraz, zerbait antolatua zen. Katalanen aurkako eraso antolatu bat zen, eta, kasualitatez, Donostiako bi harrapatu zituzten”.