Gure Eskuk ikurrinak banatuko ditu igandean
Tourraren hasiera aprobetxatuz, Gure Eskuk Euskal Herria mundura proiektatzeko egitasmoa aurkeztu zuen, eta Donostian igande arratsalderako egitaraua antolatu dute. Egitasmoaren aurkezpena atzo izan zen BECen. Euskal Herriko toki desberdinetan hainbat jarduera egingo dituzte datorren asteburuan, etaparen hasieretan eta amaieretan. Lasterketa gurera igandean helduko denez, 15:00etatik aurrera ikurrinak salduko dituzte Salamanca pasealekuan. Gainera, hiriko kaleetan zehar kale animazioa antolatu dute txirrindularien etorrera alaitzeko.
Frantziako Tourrak nazioartean duen oihartzuna ikusita, Gure Eskuk Euskal Herriaren izena munduan zehar zabaltzeko aukera baliatu du. Horretarako, dosier bat banatu diete munduko osoko kazetariei, hainbat hizkuntzatan eskuragarri dagoena. Bertan, Euskal Herriaren autodeterminazio nahia, eta Gure Eskuk erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika herritar gisa duen helburua zabaldu nahi izan dute. Publikoa errepideetara gerturatzeko ikurrinak banatuko dituzte egun hauetan zehar, Euskal Herriak erabaki – Basques decide lelopean, gure errepideak “apaintzeko eta alaitzeko” helburuarekin.
Etapa bakoitzaren hasiera eta amaiera alaitzeaz gain, mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat hiritan eta herritan. Txirrindularitzarekiko zaletasuna oso handia da gure lurraldean, eta publikoaren erantzuna “positiboa” izatea espero dutela ziurtatu du Gure Eskuk. Ikurrinak hurrengo egunetan banatuko diren lekuez gain, Gure Eskuren webgunean ere salgai daude. Gure Eskuk izango dituen postuetan, lehen aipatutako makiladun ikurrinez gain, kamisetak eta bestelako produktuak salduko dituzte. Donostian, igande arratsaldean zehar zabalik egongo da, 15:00tatik etapa amaitu arte.
Ekitaldi nagusia Bidasoan egingo dute, datorren astelehenean, uztailaren 3an. 12:00tan hasita, kalejira erraldoi bat antolatu dute Santiago zubiraino. Irun eta Hendaia arteko zubian ikurrin erraldoi bat jarriko dute, Euskal Herria zazpi probintziaz osatuta dagoela aldarrikatzeko.