Iñaki Maiza hil da, Parte Zaharraren birgaitzea gidatu zuen ingeniaria
Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratu duenez, Iñaki Maiza EHUko Ingeniaritza Industrialeko katedraduna hil da bart, 71 urterekin, duela egun batzuk iktus bat pairatu ostean. Pasai Antxoko Molinao auzoan jaio zen, baina Donostiako hirigintzan pertsona oso garrantzitsua izan zen urte luzez. Hileta ostegunean izango da (hilak 29), 19:00etan, Pasai Antxoko parrokian.
Hain zuzen ere, 1990ean, Xabier Albistur alkatearen garaian, Donostiako Udalak fitxatu zuen Maiza, Parte Zaharra birgaitzea helburu zuen Parvisa enpresa publikoaren gidaritza hartzeko. Parte Zaharrak asfaltozko lurra zuen orduan, eta Maizaren gidaritzapean jarri zuten zoladura auzoan, bertako kaleetatik ibili zitezkeen ibilgailuen pisu maximoa ezarri zuten eta gune batzuk zaharberritu zituzten, besteak beste, Plaza Berria. Parte Zaharraren birgaitzearen ondoren, Sagues eta Altzako zona batzuk eraberritu zituen Parvisak.
2001ean, Udal Etxebizitza Patronatuko –egungo Donostiako Etxegintza– kudeatzaile Agustin Iraetaren heriotzaren ondoren, Odon Elorzaren udal gobernuak behin-behinean erakunde publiko horren gidaritza hartzeko eskatu zion Maizari. Horrela, 2004an, Donostiako Etxegintza izatera pasatu zen patronatu hori, eta erakundeko kudeatzaile izaten jarraitu zuen 2012an erretiroa hartu zuen arte. Bere gidaritzapean, Parvisa Etxegintzaren barruan sartu zen.
Era berean, Maiza Etxegintzako buru izanda, babes ofizialeko alokairuzko etxebizitza proiektuak garatu zituzten Puio-Lanberri, Morlans, Pagola, Buenavista eta Kontadores eremuetan, besteak beste.