Lolo Encinasek Gipuzkoa Basket utzi du
Lolo Encinas entrenatzaileak Gipuzkoa Basket taldea utzi du, eta datorren denboraldian Burgosen (Espainia) arituko da entrenatzaile gisa. Bi urteren ondoren, donostiarrak etxeko taldea utzi du eta irailean Burgoseko taldea zuzentzen ibiliko da LEB ligan. Gipuzkoa Basketen proiektua zalantzaz beterik dago, izan ere, jokalari gutxik berritu dute kontratua, eta Aitor Uriondo kirol zuzendariak, Ibon Muñoz zuzendari orokorrak, eta orain, Lolo Encinas entrenatzaileak taldea utzi berri dute. Datorren denboraldia hasteko hilabete gutxi falta direnean, Gipuzkoa Basketen etorkizuna airean dago, eta bulegoetan uda luzea izatea espero da.
Lolo Encinasek sekulako denboraldia egin zuen, nahiz eta igoera ez lortu. Hemeretzi garaipen eta hamabost porrotekin amaitu zuen Gipuzkoa Basketek 2022-2023 denboraldia. Entrenatzaileak etxeko jokalarien aldeko apustua egin zuen, eta sailkapenari dagokionez, Gipuzkoako jokalari gehien erabili dituen taldea izan da. Gipuzkoa Basketek ezin izan zuen denboraldia borobildu, Burgosen izan ziren kanporaketetan etxeko taldearen aurka galdu ostean.
Horrela, Encinasek, 49 urterekin, bere hirugarren etapa izango du entrenatzaile nagusi gisa. 2019an Azpeitiako Iraurgi taldea entrenatzen egon ondoren, Gipuzkoa Basketera salto egin zuen 2021ean, eta bi urte eta gero igoera lortu gabe, taldea utziko du. Bigarren entrenatzaile moduan, ibilbide luzea izan du eta Pablo Laso, Jaume Ponsarnau, Porfi Fisac eta Alex Mumbru laguntzen aritu da urte luzez. Burgos lehenengo mailara itzultzeko proiektua eraikitzen ari da, eta Lolo Encinasen gidaritzapean talde indartsu bat eraiki nahi du.
Agurra bere sare sozialen bidez argitaratu du: “Etxeko taldea uztea oso zaila da, baina erronka berri honi ezin izan diot ezetz esan”.