Seigarrenez Koxk! egingo dute
Festaren helburua da Zaporeak Proiektura bideratuko den dirua biltzea eta sukaldeak kalera ateratzera.
Igandean, uztailaren 2an, seigarren Koxk! gastronomia eta elkartasun festa egingo dute Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan. Festaren helburua da Zaporeak Proiektura bideratuko den dirua biltzea eta sukaldeak kalera ateratzera.
Hogei postutan jendeak taberna, jatetxe eta elikadura enpresen pintxo eta produktuak dastatzeko aukera izango du. Guztira, 10.000 pintxo baino gehiago jarriko dituzte salgai. Pintxo horiek guztiak postua jartzen dutenek dohainik ematen dizkiete Zaporeak Proiektuko kideei.
Pintxo dastaketarekin batera, Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak Sari Nagusia ere jokatuko da Bernart Etxepare plazan Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapenarekin elkarlanean. Luxuzko epaimahaia izango du lehiaketak: Elena Arzak eta Amaia Ortuzar sukaldariak; Juan Carlos Etxeberria, Josema Azpeitia eta Juanjo Mendioroz kazetariak; eta Mari Jose Garcia eta Inaxio Abezia Idiazabal Gaztaren teknikariak.
Goizetik eguerdira
Postuak 10:30etik 15:00etara egongo dira zabalik Bernart Etxepare plazan. Festa, berriz, 11:00etan inauguratuko dute zinta mozketa batekin. Jarraian, Aitor Mendizabal bertsolaria kantuan ariko da eta Ereintza Dantza Taldeko dantzariek aurreskua eskainiko dute.
Sukaldarien erakustaldiak ere izango dira goizean zehar. 12:30ak inguruan Aratz Jatetxeko Xabier Zabaleta igoko da sukaldera Koxk! festara ekarritako pintxoaren xehetasunak azaltzeko hurbiltzen direnei.
Zaporeak Proiektuak ere urtean zehar proiektua lagundu eta babestu duten norbanako eta elkarteei ere esker ona erakutsiko die 13:30ean, ekitaldi xume batekin. Han izango dira Pedro Subijana, Juanjo Alvarez, Fernando Barcenas, Banco De Alimentos De Gipuzkoa, Fagor, Maskarada, Albaola, Eitb, Salto Systems eta Aitor Santamaria Sukaldean.
Lanean jarraitzen dute
Koxk! egitasmoak Zaporeak Proiektuak bere laguntzarekin jarraitzeko dirua biltzea du xede nagusi, errefuxiatuei laguntza ematen jarrai dezan. Greziako asilo-eskatzaileen egoerak oso larria izaten jarraitzen du, laguntza behar izaten jarraitzen dute, baina Greziako erakundeek ez diete laguntza hori iristen laguntzen. Horregatik, Zaporeak elkarteak 2.000 anoa janari duin eta elikagarri baino gehiago prestatzen ditu egunero, euskal gizarte osoaren eskutik bere egoera hobetzen saiatzeko.