Tourrak aldaketa ugari eragingo ditu hiriko zirkulazioan
Uztailaren 1etik 3ra bitartean, Donostiako zirkulazioan aldaketa ugari eragingo ditu Frantziako Tourrak. Donostian bukatuko den etapa nahiz eta igandean izan, larunbat arratsaldean Zurriola hiribidea, Sagues ingurua eta Pasealeku Berria itxiko dituzte. Udalak egun hauetan ibilgailu partikularrik ez erabiltzeko gomendioa zabaldu du.
Bigarren etapa Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko da, eta eragin handia izango du zirkulazioan. Aldaketak igarotzea baino egun bat lehenago hasiko dira. Helmuga eta podiuma Zurriola hiribidean kokatzeko lanak larunbatean hasiko dituzte antolatzaileek, eta 20:00etatik aurrera ibilgailuentzat eta oinezkoentzat itxita egongo da. Sagues eta Pasealeku Berria bi ordu lehenago itxiko dituzte, oinezkoentzat eta ibilgailuentzat. Pasealeku Berrian helmugako arkua eta podiuma muntatuko duten kamioiak eta langileak egongo dira; Saguesen aldiz, lasterketaren segurtasuna, jarraipena eta funtzionamendua zainduko duen gune teknikoa egongo da, 80 kamioitik gora.
Zirkulazioan gorabehera handiko eguna igandea izango da. Bigarren etapa Donostiara Pasaia aldetik sartuko da eta Kursaal parean izango du helmuga. Zirkulazio aldaketak 12:00tatik 18:30ak arte izango dira, etapa bukatu arte. Goizetik, zirkulazioan aldaketak egingo dituzte, eta Buenavistatik Zurriolarainoko kaleak (Buenavista hiribidea, Pasaiako portuko zeharbidea, Jose Elosegi alkatearen hiribidea, Ategorrieta, Nafarroa hiribidea eta Zurriola hiribidea) itxita egongo dira, etapak egin beharreko ibilbidea izango baita. Gainera, antolakuntza arazoak saihesteko Bulebarra, Argentinako Errepublika, Miramar eta Askatasunaren hiribidea ere itxita egongo dira. Publizitate karabana 15:24 inguruan helduko da Donostiara, eta tropela 16:57 inguru sartuko da Pasaiatik.
Astelehenean ere, aldaketak egongo dira Amorebietan hasi eta Baionan bukatuko den etaparengatik. Publizitate karabana 13:42ean iritsiko da Igeldotik Antiguarantz eta hiria zeharkatu ondoren Pasaiarantz aterako da. Lasterketa, aldiz, 15:29ean sartuko da hirira, Orio aldetik. Horrek, tropelak zeharkatuko dituen kaleen itxiera ekarriko du 10:30etik 17:00ak arte. Aita Orkolaga, Kristobal Balentziaga, Igeldo pasealekua, Iruñea, Zumalakarregi, Satrustegi, Kontxa, Zubieta, Easo, Askatasunaren hiribidea, Hernani, Bulebarra, Erregina Erregeordea, Zurriola hiribidea, Nafarroa hiribidea, Ategorrieta, Jose Elosegi alkatearen hiribidea, Pasaiako portuko zeharbidea eta Buenavista etorbidea izango da lasterketak egingo duen ibilbidea. Gainera, ondoko kale batzuek ere aldaketak izango dituzte eta ordu tarte jakinetan itxita mantenduko dira.
Igeldoko kasuan, igandean baimenik ez duten autoek ezingo dute igo 18:00tatik aurrera, pilaketak saihesteko. Bertako bizilagunek, kanpineko bezeroek eta inguruko hoteletan eta jatetxeetan lekua gordeta dutenek baimena izango dute bertaratzeko. Astelehenean, berriz, etapak Igeldo mendia zeharkatuko duenez, 10:30etik aurrera zirkulazioa erabat itxita egongo da 17:00ak arte.
Zirkulazioaren aldaketak direla eta, Dbusek ere aldaketa ugari izango ditu zenbait lineatan. Hemen linea bakoitzak izango dituen gorabeherak azalduko dira. Honen aurrean, udalak zerbitzu publikoa erabiltzeko gomendioa zabaltzen die herritarrei, eta egun hauetan ibilgailu partikularrik hiritik ibiltzeko ez erabiltzeko. Horrela, pilaketak eta arazoak saihestuko dituzte eta guztien segurtasuna bermatuko dute.