Txikijazzek zortzi kontzertu, bederatzi tailer eta magia saio bat izango ditu
Gaur goizean aurkeztu dute 11. Txikijazz jaialdia Tabakaleran. Uztailaren 21etik 25era bitartean egingo dute Kutxa Kultur aretoan, Garberan eta Txillida Lekun. Aurkezpenean izan dira Ander Aizpurua Kutxa fundazioko zuzendariak, Esther Fernandino Txikijazzeko antolatzaileak, Sara Galan Mi Niña Bonita sortzaile espazioko arduraduna eta Paula Estevez aurtengo kartelaren egilea.
Hamaikagarren jaialdi honetan, hainbat berritasun egongo dira, zortzi kontzertu eta bederatzi tailerrez gain, magia saio bat antolatuko dute, Iago magoaren eskutik. Jaialdi honen helburua jazza umeengana heltzea da, “haurrek ere jazzarekiko lotura sortzea nahi dugu”, azaldu du Fernandinok. Musika taldeen kontzertuak protagonista nagusiak izango dira, eta Galanek antolatuko dituen tailerrak alaitzeaz arduratuko dira. Kontzertuak doakoak izango dira, Txillida Lekukoak izan ezik.
2013an sortu zen, eta ordutik 250 kontzertu eta 90 tailer antolatu dituzte, urteetan zehar hiru eguneko egitaraua antolatzetik bost eguneko egiataraua antolatzera pasa dira, espazio berrietara zabalduz. Kutxa Kultur, Garbera eta Txillida Leku izango dira berriz ere, Txikijazzaren guneak. Bost egun horietan, haurrentzako goizeko egitaraua antolatu dute, tailer eta kontzertu desberdinekin. Kontzertuak publiko orori irekiak daude, tailerrak, aldiz, haurrei zuzenduta daude sormena sustatzeko.
Txilida Lekun bi jardunaldi egingo dituzte, uztailaren 22an eta 23an. Kontzertuak eta tailerrak egongo dira, baina, kasu honetan sarreraren bitartez izango dira. Sarrerak gaurtik aurrera salgai daude Jazzaldiaren webgunean, edo Viktoria Eugenia antzokiaren lehiatilan. Larunbatean eta igandean, Sara Dowlingen eta Five Starsen kontzertuak 12:30ean hasiko dira, eta 10:00etatik aurrera bertaratutakoek museoaz gozatzeko eta tailerrak egiteko aukera izango dute. Gainera, familiek goiz osoko plana antolatu dezaten bertan bazkaltzeko aukera eskainiko dute.