Belle époque itxura hartuko du hipodromoak larunbatean
Donostiako hipodromoak belle époqueri eskainitako egunarekin hasiko du uda larunbatean, 12:00etatik aurrera. 100 urte baino gehiago igaro dira Alfontso XIII.ak Donostiako hipodromoa inauguratu zuenetik, aristokrazia europarrak zaldi lasterketez goza zezakeen leku batean pentsatuz. “Donostian eraikitzeko arrazoi nagusietako bat eremu neutrala izatea izan zen –1916. urtean Europan Mundu Gerra zegoelako–. Horrela, bederatzi hilabete pasatxoan, europar eliteak hipodromo berri bat izan zuen, gure hiri ederrean uda pasatzen zuten bitartean lasterketez gozatzeko eta beren burua erakusteko”, azaldu du hipodromoak.
Hain zuzen ere, 1916ko uztailaren 2an inauguratu zuen Alfontso XIII.ak Donostiako hipodromoa. Gertaera hartatik 107 urte igaro diren arren, donostiarrek “intentsitate eta glamour berarekin” inaugurazio hura gogoratzen jarraitzen dutela adierazi du hipodromoak.
Ugara Vintageko kideak, Fabio Ramos buru dutela, urtero joaten dira hipodromora jendearen artean paseatzera. Larunbat honetako berritasuna da Santanderretik Iparraldeko Erreakrezio Historikoa etorriko dela Bartzelonako Luz y Color del 900 elkartearekin batera, belle époque eguna Donostian igarotzeko. Gainera, jende oro gonbidatu dute garai hura imitatzera eta egun horretan parte hartzera.