Bizilagunekin plataformak salatu du Tourra Donostiaren eta Euskal Herriaren sustapen turistikorako erabiltzen ari direla
Frantziako Tourra Hego Euskal Herriko kaleetatik ibiliko da asteburu honetan, eta kirol proba erraldoi hori sustapen turistikorako erabiltzen ari direla salatu du desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak: “Grand Depart Pays Basque operazioak zerikusi gutxi du txirrindularitzaren baloreekin, euskal nortasunarekin, oinarrizko txirrindularitzako eragileei laguntzearekin, herriz herriko lasterketen antolakuntzarekin… baina guztiz lotuta dago Bilbon hoteletako gelek izan duten prezio igoerarekin, Donostian urte osoan funtzionamenduan dauden alokairu turistikoko 1.659 etxebizitzekin, eta hurrengo urteei begira neurriz kanpo hazten ari den jarduera turistikoaren bidez aberasten ari direnen negozioa sustatzearekin. Guztion onerako zerbait bezala aurkezten digute, abertasuna gizartean oso gutxi birbanatzen duen jarduera hau”.
“Lasterketaren sustapena, antolaketa, logistika eta azpiegitura diru publikoz finantzatuko” dutela gogorarazi du plataformak: “14 milioi euro baino gehiagoko gastua, erakunde publikoetatik aterako dena. Gastu publiko horri, herritarren eguneroko bizitzan izango duen inpaktua gehitu behar diogu: kaleak eta errepideak itxita, eragozpenak zerbitzuetan, garraioa eta mugikortasuna murriztuta, eta abar”. “Inbertsio publikoa eta kalteak herritarrek jartzen dituzten bitartean, ekitaldiaren etekin ekonomikoak industria turistikoak jasoko ditu”, gaineratu dute.
Euskal Herrian txirrindularitza zale asko daude, eta hori helburu turistikoekin aprobetxatzen ari direla salatu du Bizilagunekinek: “Tourraren Grand Depart-aren negozio turistikoa sustatzeko herri honetan txirrindularitzarekiko eta bere balioekiko atxikimendua erabili da”.
Euskararen “folklorizazioa”
Tourraren sustapenean euskarari eman dioten erabileran ere jarri du fokua plataformak: “Nahiz eta herritarrek bizitzaren arlo gehienetan euskaraz bizitzeko zailtasunak eduki, eta eremu sozioekonomikoan zein publikoan bigarren planoan egon, promozio turistikorako mesedegarria izan daitekeenean, marketin estrategien bidez folklorizazio eta fetixizazio ariketak egiten dira, Ongi eTOURri leloarena modukoak”.
Hiru eskaera zehatz
Testuinguru horretan, Bizilagunekin plataformak hiru eskaera egin dizkie inplikatutako erakundeei: Desazkunde turistiko prozesu baten garatu eta “sustapen turistikorako aurrekontu publikoa ezabatzeko”, kirol ekitaldiz “mozorrotutako” promozio turistikorako ekitaldi erraldoiak “bertan behera uzteko” eta “espazio publikoa interes pribatuen mesedetan erabiltzeari utzi, eta kirola, kultura eta herri bizitza kolektiboa osatzen duten egitasmoei bere erabilerarako erraztasunak emateko”.