"Gida onaren dekalogoa non dago?"
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu duenez, auzoko kaleak “gainezka”, pasabideak oztopatuta eta eremu posible guztiak “kolonizatuta” daude. Pasa den igandean Trinitate plazan gertaturikoa jarri dute adibide gisa. “Turista talde bat plazan sartu zen, eta gidariaren azalpenak entzun ahal izateko zabaldu ziren. Neska-mutil kuadrilla bat jokatzen ari zen partida geldiarazi zuten. Zer leku geratzen zaigu auzokooi? Non jolastu? Non ahal dugu elkarrekin erlazionatu?”, kritikatu dute.
Donostiako Udalak iazko azaroaren 25ean iragarri zuen gida onaren dekalogoa egiten ari zela, eta laster argitaratuko zutela. Ordea, oraindik ez dute aurkeztu, eta auzo elkarteak ondorengo galderak egin ditu: “Gida onaren dekalogoa non dago? Nork ikusi du?”. Udalari dekalogoa eskatu zioten, irakurtzeko, baina ez zieten helarazi. “Udan gaude, zazpi hilabete igaro dira eta turista talde ugari dago. Udalak mugarik jartzen ez badu, turismoak auzoko edozein txoko bereganatuko du”.