'La ilusión conyugal' eta 'Cruz de Navajas, el último mecano' antzezlanak aurkeztuko dituzte
Donostia Kulturak datorren asteko antzerki programazioa aurkeztu du, eta uztailaren 6tik 9ra La ilusión conyugal eta Cruz de Navajas, el último mecano antzezlanak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Antzezlanak Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenian izango dira, hurrenez hurren, gazteleraz.
La ilusión conyugal antzezlanak desleialtasuna du gai nagusi: bikoteen arteko maitasuna zenbaterainokoa den ezagutzeko joko bat prestatu dute bi protagonistek, Maxik eta Mariak. Ezkondu ondoren, izan dituzten maitaleak elkarri esan behar dizkiote. Horrela, agerian utziko dituzte bikotekidearen arteko gezurrak eta miseriak, besteak beste. Emanaldia 6tik 9ra eskainiko dute, 20:00tan, Antzoki Zaharrean. Alejo Sauras, Alex Barahona eta Angela Cremonte dira aktoreak eta Eric Assous da obraren egilea.
Gonzalo Perez Pastor zuzendariaren Cruz de Navajas, el último mecano antzezlana, aldiz, Mecano musika taldeari egindako omenaldia da. Emanaldiak taldearen abesti mitikoenek izan duten ibilbidea errepasatzea du helburu, Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean ere sekulako oihartzuna izan baitzuten abestiek. “Ikus-entzunezko obra honek abesti ezagunenak birsortzen ditu, eszenaratze original eta harrigarri baten bidez interpretatua”, azaldu dute antolatzaileek. Obra honetaz gozatzeko eskaintza zabala izango dute hiritarrek Viktoria Eugenia antzokian: hurrengo ostegunean eta ostiralean emanaldi bakarra eskainiko dute, 20:30ean. Larunbatean, emanaldi bikoitza izango dute, 18:00etan eta 21:30ean. Igandean, azken emanaldiaren txanda izango da, 19:00tan hasiko dena.
Bi emanaldi hauetarako sarrerak Donostia Kulturaren webgunean jada eskuragarri daude, eta sarrerek 20 euro eta 50 euro arteko prezioa dute, obraren eta eserlekuaren arabera.