Txirrindularitza izango da 48. Liburuen eta Diskoen Azokako protagonista
Bihar bertan hasiko den 48. Liburu eta Diskoen Azoka aurkeztu dute udal liburutegian. Aurkezpenean, Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, eta Jose Agustin Iturri, Euskadiko Liburu Ganbarako presidentea, izan dira. Aurtengoan hogei erakusmahai egongo dira Gipuzkoa plazan, bihartik uztailaren 9ra arte, goiz eta arratsaldez (11:00-14:00 eta 17:00-21:00).
Azokaz gain, bihartik uztailak 6ra bitartean liburu aurkezpenak egingo dituzte. Tourraren etorrerarekin bat eginez, Miguel Usabiaga idazleak A rueda liburua aurkeztuko du, San Jeronimo aretoan 19:00tan. Liburu honetan, 2020tik gaur egun arte txirrindularitzari buruz idatzitako kronikak eta artikuluak biltzen ditu; Xabier Fernandezen Nazioen Tourra liburua ere aurkeztekoa zen, baina, tourra dela eta ezingo dute liburua aurkeztu.
Txirrindularitza liburuez gain, Cartas a una mujer negra (Cristina Lizarberen eta Ane Eslavaren itzulpena, 2023) –uztailak 4–, El bosque no es un árbol repetido (Felix Maraña, 2023) –uztailak 5–, 59 cigüeñas (Eduardo Escobar, 2023) –uztailak 5– eta Una investigación laica (Laura Balague, Javier Sagastiberri eta Juan Infante, 2022) –uztailak 6– aurkeztuko dituzte. Aurkezpenak udal liburutegiko San Jeronimo eta Mandas Dukearen aretoan izango dira, doan.
Azokaren aurkezpen saioei amaiera emateko uztailaren 6an San Telmo museoan, Felix Marañak El bosque no es un árbol repetido aurkeztuko du. Aurkezpenean, Felix Maraña idazlea, Esther Remiro aktorea eta poeta, Joxean Larrañaga, Urko, abeslaria eta Igor Goienetxea irakaslea izango dira.
Azokan salduko diren liburuek %10eko beherapena izango dute. “Udaran ere liburua gure parte izan behar da, paseotan, hondartzan edo edozein tokitan”, adierazi du Muniategik. Pandemiaz geroztik, liburuen irakurketek gora egin dute eta euskal idazleek urtean 3500 liburu produzitzen jarraitzen dute, gehienak euskaraz. Honakoa adierazi du Iturrik: “Gizarte kritiko bat izatea nahi dugu, eta gehiago muturreko eskuinaren aurrean”. Biek uste dute, liburuak erosten jarraitu behar dugula eta “irakurtzen duen gizartea izan behar dugula”.