«Amara, barrio policial» abesteko aukera, Parafünken 30. urteurrenean
Duela 30 urte, 1993ko ekainean, argitaratu zen Parafünk taldearen lehen lana, Madrilgo La Fabrica Magnetica zigiluan. Urteurrena ospatzeko Karaoke XXX. aniversario kaleratu dute, edizio berezian.
Izan ere, CDa Digi-Book formatuan kaleratu dute orain, lehen album horren jatorrizko abestien bertsio instrumentalekin, eta dagozkion letrekin 20 orrialdeko libreto batean. Javi P3z taldearen sortzaileak zabaldu duenez, “ideia da kantuak, behin betiko, bertako jendearenak izatera pasatzea: abestiak abestea, jaietan edo pribatuan, karaoke moduan (baina bideorik gabe eta CDan)”.
1992an grabatu zuen, eta hurrengo urtean argitaratu zuten Parafünk diskoa. Besteak beste, rapa, jazza eta funka nahastu zituen P3zek diskoan, oso sampler eklektikoekin.
Parafünk taldea da Donostiako lehen hip-hop taldea, eta 1990.eko hamarkadan aritu zen Donostian, garaian bogan zeuden soinuekin hiru disko aberats grabatuz: Parafünk (La Fábrica Magnética, 1993), Prologo (Novophonic, 1996) eta Epïlogo (Novophonic/Esan Ozenki, 1997). Azken lan hau berrargitaratu berri dutela eta, Beñat Parrak erreportajea egin zuen IRUTXULOKO HITZA-n.