Bermiu izeneko dortoka artatzen ari da Donostiako Aquariuma
Donostiako Aquariumak egiazko kareta espezieko dortoka bat (caretta caretta, gaztelaniaz, tortuga boba) jaso du, artatu eta, osatzen denean, itsasoan askatzeko. Bermiu izena jarri diote animaliari, eta maiatzaren 27an jaso zuten, Bizkaian. SOS Deiak erakundeak abisua jaso zuen kirol arrantzako ontzi batek jasotako dortoka batengatik; Bermeoko portutik 5 milia nautikora geldirik aurkitu zuten. Sareus Bizkaiko Foru Aldundiaren zentroan albaitaritza zaintza egin diote, Aquariumera eraman duten arte. Dortokak hogei zentimetro neurtzen ditu, eta 1,3 kilo pisatzen du.
Aquariuma itsas dortokak kontserbatzeko erreferentziazko zentro bat da, 2000. urtetik hona Bermiuren espezieko hogei dortoka artatu baititu, hondartzetan edo itsasoan arrantzaleek erreskatatutakoak. Aquariuma arduratzen da horiek aztertzeaz, diagnostikoa egiteaz eta tratamendu egokia emateaz, berreskuratu eta askatu arte. Bermiuren kasuan, arduradunen asmoa da Kantauri itsasoan askatzea, pisu eta neurri egokiak izan arte hazten denean. Aquariumak azaldu duenez, “bilakaera positiboa” izaten ari da dortoka, eta, beraz, abuztuan askatzea aurreikusten dute. Askatzen dutenean, transmisore bat jarriko diote, jarraipena egiteko.