Bueltan datoz gerra aurreko pilota partidak
Txuleta jatetxeak eta Alde Zaharra Kirol Elkarteak 1931ko uztailaren 31n Trinitate plazako frontoiaren inaugurazioan egindako Kosken Txapelketa berreskuratu dute, zortzi hamarkadaz baino gehiagoz antolatu gabe egon ondoren.
Esteban Duran ostalari ohiak erretiroa hartu duenetik Donostiako historia aztertzen dihardu, artxiboz artxibo, historiazale amorratua baita. Berari esker, Trinitate plazako inaugurazioan lehenengoz egin zuten Kosken txapelketa berreskuratu dute uda honetan, izan ere, berak egin zion proposamena Parte Zaharrean ezaguna den beste saltsero bati, Txuleta jatetxeko Ander Esarte sukaldariari. “San Inazio egunean, uztailaren 31n, Amaikak Bat elkarteko danborrada etortzen da urtero Txuletara, eta ni ateratzen naiz eta Realaren ereserkia zuzentzen dut. Orduan, Estebanek esan zidan: ‘Zu hain saltseroa zarenez eta gauza hauek gustatzen zaizkizunez, jakin behar duzu uztailaren 31n frontoia inauguratu zela eta Kosken txapelketa egin zutela. Zerbait egin behar dugu horren inguruan’. Eta nik baietz erantzun nion, egingo genuela”, azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri Esartek.
Ordura arte, Esartek ez omen zuen Kosken txapelketaren berri, izan ere, 36ko gerraren ondorioz, antolatzeari utzi zioten, eta inoiz ez da txapelketa berriro Trinitate plazako frontoira itzuli. “Pilota txapelketa bat da, 1931ko uztailaren 31n Trinitate plazako frontoiaren inaugurazioan egin zutena lehenengoz. 36ko gerraren ondorioz, bertan behera utzi zuten, eta ideia polita iruditzen zait orain berriro berreskuratzea. Niri asko gustatzen zait etxeko jendearekin lan egitea, izan ere, jendea beti kexatzen da turismoaz, eta guk beti egiten dugu ahal duguna etxeko jendearekin lan egiteko. Txapelketa berreskuratzearen helburua auzoko jendea elkartzea eta auzo izaera sustatzea izango da”, adierazi du Txuleta jatetxeko sukaldariak.
Izenaren inguruan galdetuta, une batez zalantza egin du Esartek, eta nahiago izan du Durani zuzenean galdetu. Telefonoa hartu, eta deitu egin dio: “Esteban! Ander aparatuan. Kosken txapelketari buruzko elkarrizketa bat egiten ari zaizkit, eta izenaren inguruan galdetu didate. Zer da zehazki kosken kontu hori?”. Berehala jaso du erantzuna: “Donostiarrentzat, San Bizente elizara joaten zirenak ziren koxkeroak. Elizaren kanpoan zeuden koskengatik deitzen zitzaien horrela. Santa Maria elizara joaten zirenak, aldiz, joxemaritarrak ziren”. Lezioa ikasita, deia amaitu, eta xehetasunekin jarraitu du sukaldariak.
Helburua auzoko jendea elkartzea denez, Alde Zaharra Kirol Elkartearekin harremanetan jarri, eta auzoko beste hainbat elkarterekin hitz egin zuten. Azkenean, elkarte bakoitzetik bikote banak eman du izena txapelketan. “Ez dira denak sartu, baina zortzi bikote ditugu”, jakinarazi du Esartek. Zubi Gain, Gastronomiazko Euskal Anaiartea, Ollagorra, Aizepe, Kresala, Kañoietan, Union Artesana eta Gaztelubide dira txapelketan parte hartzen ari direnak.
Partidak aurreko larunbatean hasi ziren, eta uztailaren 31n egingo dute final handia. Horrez gain, egitarau bat ere prestatu dute egun horretarako: 17:30ean, kalejira egingo dute elkartez elkarte Joselontxos txarangarekin. Ondoren, 20:00etan, Alde Zaharra esku pilotako klubeko haurrekin txapelketa txiki bat jokatuko dute eta, 20:30ean, bi bikote finalisten arteko final handia jokatuko da. Gainera, plaka bat jarriko dute frontoiaren inaugurazio datarekin eta Kosken txapelketaren berreskurapen datarekin.
Lehen partida, 1931n
Kosken lehenengo txapelketaren biharamuneko kronika batek dioenez, inaugurazio hori jende ugariren aurrean egin zen, Andres Peña buru zela, Pilotaren Konfederazio Nazionaleko presidentea. “Partida ofizialean, Peña jaunarekin, Oiartzabal eta Insausti jaunak aritu ziren epaile lanetan”, dio 1931ko abuztuaren 1eko artikulu horrek.
Lehenengo, haurren pilota partidak egin zituzten, eta aipaturiko artikulu horren arabera, partida horiek izan ziren jaialdia alaitu zutenak. Azkenik, kaleen arteko pilota partidak jokatu zituzten. Emaitza guztiak berdinak izan ziren, garaileek 22-11 irabazi baitzieten galtzaileei. Macarlo Lopezek eta Joakin Urzelaik Luis Kaperotxipi eta Jose Aizpurua garaitu zituzten, Abuztuak 31 kalekoak.
Bestalde, Manuel Gurutzeagak eta Jose Berroetak Juan Aginaga eta Pedro Etxarri hartu zituzten mendean, Puyuelo kalekoak —gaur egun, Fermin Calbeton kalea izenez ezagutzen dena—. Ikusteko dago hainbat hamarkaden ostean, nork eskuratzen duen Kosken txapelketako garaipena.