«Buztina lantzen ari zarenean, gainontzekoaz ahazten zara»
Familia eta herri artisau batetik dator Gerardo Enrique Corea (Sabanagrande, Honduras, 1979), zehazki, buztina lantzen duen familia eta herri artisau batetik. Buztinetik bizi izan da beti bere familia, eta bere ogibidea orain buztinaren artisautza ez bada ere, ahal duen guztietan hartzen du tornua, besteak beste, ikastaroak emateko. Argi dauka zein den bere helburua: Donostian buztinetik bizitzea.

Grosen bizi da, baina trena hartu eta Andoainera (Gipuzkoa) joan gara Gerardo Enrique Corea elkarrizketatzera. Izan ere, Ongi Etorri Eskolara elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan buztina lantzen aritu ohi da Corea, eta elkarrizketa Andoaingo sanjoanetan antolatutakoaren ondoren egitea proposatu digu, horrela eskuak buztinean dituela argazkiak egin ahal izateko.
Andoaingo Goikoplazara iritsi, eta han dago Corea, buztinaren tornuari eragiten, haurren ilara luze bat aurrean duelarik. Haurrek zein gurasoek arretaz begiratzen dituzte artisauaren eskuak, eta liluratuta gelditzen dira Coreak buztina nola lantzen duen behatzen, buztin bola horri eskuekin pitxer forma nola ematen dion ikusten.
Haur bakoitza pitxer txiki batekin doa etxera –kazetaria ere pitxer batekin joan da–, harro-harro, pitxerra euren eskuekin egin dutelako; Corearen laguntzarekin, noski. Izan ere, artisauak dioenez, buztinaren munduak asko erakartzen ditu haurrak: «Hemen oso ohikoa ez den zerbait denez, haur askorentzat horrelako zerbait ikusten duten lehenengo aldia da, eta asko erakarri ohi ditu. Eta heldu asko ere liluratuta gelditzen dira, hipnotikoa delako tornuarekin buztina lantzen ikustea. Haurrek nirekin egiten dute tornuko lana, baina gero beraiek apaintzen dute egindakoa, eta batzuek apainketa izugarri politak egiten dituzte».
Dioenez, ikastaro asko ematen ditu Ongi Etorri Eskolararekin, eta oso arrakastatsuak izan ohi dira: «Pandemiaren aurretik asko egiten genituen, 30-50 haurrentzako. Pandemiarekin, asko gutxitu zen ikastaro kopurua, baina, pixkanaka, berreskuratzen ari gara. Gaurkoan, 45 haurrentzat egin dugu, baina 200 haurrentzako ikastaroak egitera iritsi gara».
Etxetik datorkio
Txikitan ikasi zuen Coreak buztina lantzen: «Sei anai-arreba gara, eta buztinarekin hezi gara denak. Nire aita hasi zen etxean buztina lantzen, 1970eko hamarkadan, eta familia horri esker bizi izan da ordutik. Luxurik gabe, baina bizitzeko eman digu; ez dugu inoiz goserik pasatu, anai-arreba guztiok ikasketak burutu ditugu, eta abar». Zehazki, soldadura, mekanika eta elektrikari ikasketak egin zituen Coreak.
Horrela, hasieran aitak egiten zuena asko interesatzen ez bazitzaion ere, laster hasi zen bera ere buztina lantzen: «Pixkanaka, interesa pizten joan zitzaidan, eta 13 urte nituenerako, buztina ondo lantzen nekien. Hain zuzen ere, lau orduan 100 loreontzi ertain egiteko gai nintzen. Anai-arrebok aitarekin egiten genuen lan, eta agian loreontzi bakoitza gaur egungo 60 zentimotan saltzen genuen; orduan dirua zen hori».
Kontatu duenez, txikitan egiten zituen objektuak memorian iltzatuta gelditu zaizkio: «Kariño handiz gogoratzen ditudanak haurra nintzenean egiten nituen pitxer txikiak dira. Oso sinpleak dira, baina egin nituen lehenengo objektuak direnez, ez zaizkit ahazten». Hala ere, askotariko piezak egiteko gai da: «Pieza berezi gisa, katu edo untxi formako itsulapiko handiak nabarmenduko nituzke. Eta loreontzi handiak ere egin izan ditut, egongela handietan egoten diren horietakoak».
Hondurastik Grosera
2007an etorri zen Corea Donostiara, eta handik gutxira ezagutu zuen Ongi Etorri Eskolararen Familia Laguna programa: «Gure seme zaharrenak 12 urte ditu, eta berarekin hasi ginen programa horretan. Ordutik, seme-alaba guztiekin egon gara, eta ate asko ireki dizkigute. Orokorrean, jendearekin oso ondo moldatzen gara hemen. Hasieran, itxiak dirudizue, baina gero harrera ona egin digu beti hemengo jendeak».
Horrela, Coreak nabarmendu du Gros dela gaur egun bere lekua: «Bizitza Grosen egiten dugu, han ditugu lagunak, eta noizbait auzoz aldatzea pentsatu badugu ere, haurren eskola han daukagunez, bizitza Grosen eraikita daukagu». Azaldu duenez, bera Grosen errotuta dago, baina bere seme-alabak are gehiago: «Beraiek euskaldunak dira. Hondurasko jatorria dutela badakite, baina beraiei galdetzen badiezu, esango dizute donostiarrak direla».
Buztina saldu eta lantzen irakatsi
Ikastaro asko ematen baditu ere, Coreak ez ditu buztinarekin egiten dituen objektuak saltzen: «Horretarako, lokal bat behar dut. Lagun askok esan didate saiatzeko, baina horretarako baliabideak behar dituzu, ez duzu egun batetik bestera lana utziko; are gutxiago hiru seme-alaba edukita».
Hala ere, argi dauka egunen batean izango duela lokal hori: «Gustatuko litzaidake nire ogibidea izatea. Izan ere, buztina terapeutikoa da; buztina lantzen ari zarenean, gainontzeko guztiaz ahazten zara eta soilik pentsatzen duzu egiten ari zaren horretan. Etorkizunean, saiatuko naiz buztinetik bizitzen. Baina, horretarako, labe apropos bat eta lokala behar ditut, eta aztertu beharko nuke baimenen kontua».
Dioenez, ordea, ez da batere erraza labe bat lortzea: «Labeak izugarri garestiak dira. Badaude labe txiki batzuk, sukaldekoen tamainakoak, 12.000 euro inguruko prezioa dutenak. Eta horri gehitu behar diozu argindarrean edo gasean gastatzen duzuna. Hala ere, niri pieza handiak egitea gustatuko litzaidake, eta horretarako labe handiagoak behar dituzu; beraz, prezioa igotzen da».
Corea harrituta agertu da Euskal Herrian buztina lantzeko dagoen ohitura urriarekin: «Hemen, buztina lantzen duten oso pertsona gutxi ezagutu ditut; Baleazale kalean [Amara Berri] lan egiten duen emakume bat ezagutzen dut, adibidez, baina tornurik gabe egiten du lan, lehorrean. Bestalde, Burgosen bizi den pertsona batekin hitz egin nuen, eta berak esaten zidan hara joateko, soilik bere aitaginarrebak lantzen zuelako dagoeneko buztina. Baina nik ezin dut orain hemen daukadan bizitza utzi eta hara joan».
Ohitura gutxi egonda ere, Coreak uste du Donostian buztinetik bizitzea lortuko duela: «Ematen ditudan ikastaroak doakoak izaten dira, baina interes handia pizten diote jendeari, eta ziur asko ordaintzeko prest egongo liratekeela, ondo ikasteko». Gaineratu duenez, Hondurasen «pieza izugarri politak» egiten zituzten, «etxea apaintzeko oso politak eta aproposak», eta ziur dago hemen halakoak egiteko baliabideak izanez gero, «jendea erakarrita sentituko litzatekeela»: «Ez soilik erosteko, baita egiteko ere, etxean zuk egindako pieza bat edukitzeak harro sentiarazten baitzaitu. Nik nahi dut buztina landu, baina baita jendea buztina lantzen lagundu ere. Horregatik, ikastaroetan gustatzen zait haurrek buztina ukitzea». Nabarmendu duenez, horrela ikasten da artisautzari balioa ematen: «Askok pentsatzen dute erraza dela buztina lantzea, baina ikasten hasten zarenean, konturatzen zara benetan zein den eskuz egindako gauzen balioa».

Gerardo Enrique Coreak etxean betidanik ikusi badu ere, buztinaren lanketa ez da beti bere herriko jarduera tradizional bat izan. Hain zuzen ere, duela 50 bat urte hasi ziren Sabanagranden (Honduras) buztina modu profesionalean lantzen: «Apaiz batek buztina lantzeko ikastaro bat antolatu zuen, eta hainbat familiari irakatsi zien, 1970eko hamarkadaren hasieran. Horrela hasi ziren gure herrian buztina lantzen». Hain zuzen ere, gaur egun Hondurasko zona horretako ekonomiaren oinarria artoaren eta indabaren laborantza badira ere, buztinezko artisautzarengatik oso ezaguna da.
«Udalerriaren kanpoaldean bizi da nire familia, eta aitak buztina lantzen ikasi zuenean, 170 bat etxebizitza egongo ziren eremu horretan. Bada, horietatik, 60 bat etxebizitzatan buztinetik bizi ziren», gogoratu du Coreak.
Dioenez, Sabangrandekoa da buztina lantzeko ohitura horren errotua duen zona bakarra: «Herrialdearen gainontzeko eremuetan ez dago ohitura handirik. Lehen, emakumeek etxean erabiltzeko kazolak eta horrelakoak egiten zituzten buztinarekin, baina beraiek etxean erabiltzeko, ez saltzeko. Aldiz, guk halako etxetresnak zein apaingarriak egiten ditugu, eta herrian bertan ez ezik, hiriburuan [Tegucigalpa] ere saltzen genituen egiten genituen objektuak».
Buztinaren artisautza antzinako zerbait dela pentsa dezake baten batek, baina Coreak nabarmendu du bere herrian buztinetik bizitzen jarraitzen duela jende askok: «Nire aitak, adibidez, jarraitzen du, eta nire anaia batek jarraitzen du buztina asko lantzen, nahiz eta ez den hortik bizi orain».
Horregatik, buztina bere ogibidea izatea nahiko luke Coreak, baina argi dauka ez duela soilik saldu nahi, buztina lantzen irakatsi nahi du, baita ere: «Hondurasen, objektuak saltzeaz gain, jendeari irakatsi ere egiten genion, eta jende asko ezagutu genuen horrela».