Donostiako hiri estiloa islatzen duen 'Clima ideal' udako kartelen erakusketa ikusgai dago
Mikel Lertxundi komisarioak Donostiako hiri estiloari buruzko udako kartelen Clima ideal erakusketa aurkeztu du San Telmo museoan, bihartik (uztailak 1) aurrera zabalik egongo dena. Erakusketan, XIX. mende amaieratik aurrera bildutako udako 253 pieza ikusgai daude, belaunaldi askotarikoko egileek egindakoak. Erakusketa urriaren 15era arte ikusgai egongo da, eta bisita gidatuak asteartero eta larunbatero izango dira, doan, goizez eta arratsaldez (10:30 eta 18:00).
Erakusketa honen bidez, hirian 1890eko hamarkadan, sortutako estiloa irudikatu nahi da. Hamabost urte luzez bildutako 253 piezen artean, kartelak, bozetoak, eskuorriak eta iragarkiak daude. Pieza guztiek bizitza laburra dute, udakoak baitira; gehienak kartelak dira, –erakusketaren %50 inguru–, udal artxibotik berreskuratu direnak edo kartelen egileen artxibo pertsonaletatik ateratakoak. Bilketa lanak 2008an hasi zituen Mikel Lertxundik, eta argazkilarien, maketatzaileen eta San Telmo museoaren laguntzaz, erakusketa hau egitearen ametsa lortu du Lertxundik: “Erakusketa oso garrantzitsua da”. San Telmoko bildumara pieza gehiago biltzeko beharra izan du. “Artea eta kultura oso lotuta daude Europako abangoardiarekin. Gainera, kartelek oso argi erakusten dute garai hartan garrantzitsua izan zena”, adierazi du Susana Sotok, San Telmo museoko koordinatzaileak.
Erakusketa zazpi gunetan banatuta dago, denak jarraian ikusi daitezkeenak. Donostia hiri modernoaren garapena ikusi daiteke lehenengo gunean, Turismo Nortasuna Eraikiz deiturikoa. Aurreneko karteletan zezenketak, kasinoa eta trena protagonistak dira. Bigarren espazioan, Ideiak Lehian, kartelen lehenengo lehiaketak irabazi zituzten kartelak eskaintzen dira: 1925, 1928, 1929 eta 1934 urteetakoak. Donostia betidanik turismorako hiria izan da, eta Jokoa eta Dibertsioa gunean Gran Casino Kursaalari buruzko kartel ugari topatu daitezke, jokoarekin oso lotutak daudenak.
Laugarren espazioa, Bertakoaren Aldarrikapena deiturikoa, kulturari buruzkoa da, bertako tradizioak abiapuntu gisa hartuta, hainbat kartel egin ziren musikaz eta dantzaz beteriko jai giroa irudikatzeko. Donostian kulturak sekulako indarra du, horren erakusle ditugu Jazzaldia eta Zinemaldia. Kasu honetan, Kultura eta Merkataritza gunean, jaialdi hauen eta beste jaialdi batzuen kartelak ikusi daitezke, urteekin desagertzen joan direnak.
Kirolak ere espazio berezia du erakusketan, Kirol Berriak izenekoa. Ibilgailu motordunak eta zirkuituak oso garrantzitsuak izan dira hiriarentzat, eta Real Automovil Klubak, bere 100. urteurrena ospatzearekin batera, kartel batzuk dohaintzan eman zizkion Lertxundiri, erakusketan jartzeko. Kontxako Bandera ere oso garrantzitsua da, hiriaren ikurretako bat baita, eta horri buruzko kartelak ere daude ikusgai.
Donostiatik harago, Gipuzkoako beste herrietako kartelak ere ikusi daitezke: Irungo Alardekoak, Eibarko industria eta armagintza fabriketakoak, eta Tolosa eta Zarautzeko turismo kartelak, besteak beste. Herrien publizitateak indar handia zuen, eta kartelak tresna baliagarria ziren kanpoko jendea erakartzeko.
Erakusketa doakoa da, eta irailetik aurrera, jarduera bereziak eta hitzaldiak eskainiko dituzte erakusketarekin lotutakoak. Asteartero bisita gidatuak egiteko aukera izango dute, goizean gazteleraz, eta arratsaldean euskaraz. Larunbatetan, aldiz, goizekoa euskaraz izango da, eta arratsaldekoa gazteleraz. Sarrera eskuratzeko museoaren webgunean izena eman beharko dute bertaratu nahi dutenek.