Donostiarrak eta Donostia Arraun Lagunakek denboraldia hasiko dute Coruñan
Hemen da aurtengo arraun denboraldiko lehen estropada, asteburu honetan, uztailak 1ean eta 2an, Euskolabel liga eta Euskotren liga abiatuko dira Coruñan (Galizia) jardunaldi bikoitzarekin. Donostiarrak eta Donostia Arraun Lagunakek hilabete luzeko prestaketa egin ondoren, 2023. urteko denboraldiari aurre egiteko prest daude. Donostiarrako neskak bolada onean iritsiko dira Galiziara, Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldunak izan ostean; mutilek, berriz, ohorezko txandan egoteko gogoekin hasiko dute udako sasoia.
Azken urteotan, ohiko bilakatu da arraun denboraldia Coruñako badian hastea, jardunaldi bikoitzeko banderarekin. Euskal taldeek denboraldiko bidaia luzeena izango dute aurretik, eta lehenengo Cidade da Coruña Banderaren bila abiatu dira Galizia aldera. Aurtengo berezitasun nagusia Euskotren ligaren handitzea izan da, zortzi traineruk parte hartuko dute lehendabizikoz. Horrek lehia estuagoa izatea ekarri du, goialdetik eta behealdetik. Betiko moduan, bestalde Euskolabel ligan hiru txanda jokatuko dituzte hamabi traineruek hogei jardunalditan.
Mutiletan, Donostiarrak, duela hiru aste, Gipuzkoako txapelketan bigarren postua eskuratu zuen Hondarribiaren atzetik. Bigarren postu horrek, Euskadiko txapelketan parte hartzeko eskubidea eman zion, eta txapelketa honetan, laugarren postua lortu zuen, Bermeo Urdaibai irabazlearen atzetik, 28,99 segundora. Oraindik ere, lehenengo postuetan aritzeko lan handia dago egiteko, eta liga hasiera bikaina izatea espero dute Donostiarrako arraunlariek. Zozketak hala erabakita, hirugarren txandan arituko dira, Cabo, Santurtzi eta Bermeo Urdaibairekin batera.
Nesketan, ordea, Donostiako bi traineruak bolada onean helduko dira Galiziara. Aurretik, hamalau jaurdunaldiko denboraldia dute. Donostiarrak, lehen aipatu bezala, sekulako emaitzak lortu ditu azken hilabetean: Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldunak izan dira. “Orioren aurretik egotea oso pozgarria da neskentzat”, adierazi zuen Nerea Perezek Donostiarrako patroiak, Euskadiko txapeldunaren bandera bigarrenez lortu ostean. Donostia Arraun Lagunakek hirugarren postua lortu zuen, eta emaitza hauek ikusita, goiko postuetan lehia handia espero da Donostiako bi traineruen eta Orioren artean. Donostiako bi traineruek txanda berdinean, lehenengoan, lehiatuko dute Coruñako bandera, Tiran eta Tolosaldearekin batera.
Mutilen KAE 2 ligan, Donostiarra B arituko da, larunbatean, Pasaiako badian. Denboraldiko bigarren bandera izango dute jokoan. Lehenengo jardunaldian, Mutrikun izandakoan, Donostiarraren bigarren taldea bosgarren sailkatu zen, Orioko bigarren taldetik minutu erdira.