Inoiz baino indartsuago datoz Intxaur jaiak
Auzotarrak batzeko hiru eguneko egitarau zabala antolatu dute gaurtik igandera bitartean, Sagastieder plazan. Berritasun ugari egongo dira, Intxaurgala adibidez.

Bueltan dira Intxaur jaiak, jarduera ugarirekin eta eskaintza zabalarekin. Gaur, 19:00tan, jaiei hasiera emateko suziria botako dute Sagastieder plazan, ohiko legez. Txupinazoa alaitzeko, auzoko buruhandiak eta ur zezenak kalera aterako dira. Gauean, kontzertuen txanda izango da.
Lan handia egin dute hiru eguneko egitaraua ahalik eta gehien betetzeko. “Udaletik jaso ditugun diru laguntzak aurreko urtekoak baino handiagoak izan dira,jarduera gehiago antolatu ditugulako”, adierazi du Joseba Oncala jai batzordeko kideak.
Jai batzordea handitzea lortu dute, eta eginkizunak banatzeak asko lagundu die auzoko jaiak antolatzen. Otsailean hasi ziren bilerak egiten, eta metafora bat egin zuten intxaurren geruzekin. Oihane Iriartek, jai batzordeko kideak, azaldu du: “Lehenengoa oskola izango litzateke. Oskola bilera irekiak dira, eta horietara edonor etorri daiteke. Intxaurra, barruko geruza, gu gara, jai batzordekoak”.
Egitarauak hainbat berritasun izango ditu. Jai batzordea gaztea izanik, auzotarren arteko elkarbizitza sustatu nahi dute. Natalia Peña jai batzordeko kideak esan duenez, auzoan denek ezagutzen dute elkar, baina ez dute elkarrekin hitz egiteko ohiturarik. Horretarako, Psico Killer jokoa antolatu dute, haurrak eta gazteak batzeko balioko duena. Jokoan izena ematen dutenek txupinazoa hasi baino lehen, mezu bat jasoko dute proba batekin. Helburua mezuan tokatu zaizun pertsona “hiltzea” da. Igandera arte iraungo du jokoak, eta bizirik jarraitzen duen azken pertsonak irabaziko du.
Adinekoak ere hartu dituzte kontuan egitaraua antolatzeko orduan: “Txarako adineko jendea ere auzoan integratzea nahi dugu”. Horretarako, gaztelekuko haurrekin batera gaur arratsaldean hainbat jolas antolatu dituzte. “Txarako zentroan sartuta egonda ere, auzoaren parte dira. Jaietan denok parte hartzea guztiontzako positiboa da”, nabarmendu dute.
Intxaurgala, lehenengoz
Berritasun gisa, igandean ere jendea plazara hurbiltzeko, Intxaurgala antolatuko dute, lehenengoz. “Asteburuko blusak alde batera utzi, eta ekitaldira elegante jantzita joateko eskatu diegu auzotarrei”. Intxaurgalan, ikuskizunez gain, alfonbra gorria eta kiroletako sari banaketak ere egongo dira.