Loiolako Erriberako dorreen proiektuaren aurka mobilizatu dira
Erriberak Martxan elkarteak antolatuta, Loiolako Erriberako hainbat bizilagun auzoko Sahatsa eremuan elkarretaratu ziren atzo (hilak 29), bertan eraiki nahi dituzten dorreen proiektuaren aurka daudela adierazteko.
Eusko Jaurlaritzak hamazazpi eta hamahiru solairuko bi dorre eraiki nahi ditu eremu horretan, eta hainbat bizilagunen iritziz, proiektuak kalte egingo dio auzoari. Besteak beste, Sahatsa dorreak eraikitzeko eremu “txikiegia” dela uste dute, eta gainera, ondoan dagoen errepideko soinua jasanezina dela diote. IRUTXULOKO HITZAk martxoan argitaratu zuen Erriberak Martxan elkarteari eta dorreen proiektuari buruzko erreportaje honetan ikus ditzakezue gaiaren inguruko xehetasunak.
Dorreen proiektua geldiaraztea lortzen badute, bizilagunek aisialdirako gune bat eraiki nahi dute eremu horretan, auzoaren egoera aldatzeko eta hobetzeko asmoz. Batez ere, gazteek euren denbora librea Loiolako Erriberan igarotzea nahi dute, orain ez dutelako horretarako aukerarik.