Pentsatzen dut (eta zahartzen naiz), beraz banaiz
UNA VIDA NO TAN SIMPLE
Zuzendaria: Felix Viscarret.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Euskal Herria.
Una vida no tan simple lanaren lehen irudia pantaila beltza da. Tira, ez erabat beltza, kredituak plazaratzen baitira beltz absolutu horretan. Baina, edonola, indargunea entzuten dugun horretan dago, Isaias Idoate (Miki Esparbe) arkitektura sari bat ari da onartzen, bere diskurtso alaian ibilbide distiratsuko gizona dela sumatzen dugu, eta bere hitzetan etorkizunari erreferentzia zuzena egiten zaio, aita izango dela iragartzen baitu. Pantaila beltz horrek idazteke dagoen bidea adierazten digula ematen du, etorkizunaren zeinua, momentu horren sustraitik sortuko den istorioa (eta pelikula). Edonola, laster gauzatuko da elipsi bortitza, bost urte baino gehiagokoa. Isaiasen bizitza gainbehera etorri da. Ez bat batean, apurka baizik, oharkabean. Bere arrakasta gutxituz joan da, lorpen esanguratsuak urruti dira dagoeneko. Bi seme-alaba ditu, baina bere familia bizitzak ez du asetzen. Eta oroituko gara orduan hasierako pantaila beltz hartaz. Akaso ez zen etorkizunaren zeinua, iraganarena baizik, era mingarrian datorkigun garaipen egunen mamu nostalgikoaren itzal iluna. Izan ginen hark nolako balioa dauka egun garen pertsona horren eraikitzean?
Era lausoan adierazteko, 40 urteen krisiaren inguruko filma da Felix Viscarret nafarrak eraiki duena, tarte batean bere esperientzia pertsonaletan oinarritua, eta osorik Bilbon grabatua. Pertsonaia ezinegonaren labirintoan sartuko da bere familian (emaztearekin alde batetik eta seme-alabekin bestetik), lanean, eta bere nortasun propioan krisialdiak pilatuko zaizkiolako, eta honek zama existentzialistaren kiribilean barneratuko du, noraez erabatekoan. Pertsonaia galduta, lekuz eta denboraz kanpo, dagoenaren arrastoak plazaratuko zaizkigu etengabe gidoian zehar, hala nola, etengabe lortutako sariak azpimarratzeko duen beharra, toki orotara berandu iristeko joera; edo denbora guztian zerbait egingo ez duenaren baieztapen irmoaren adierazpena… baina plano mozketaren ondoren egin nahi ez zuen hori egiten ari dela erakutsiko zaigu.
Adierazitako azken errekurtso hori kutsu komikoz zipriztinduta dago, pelikulak tragedia komiko baten ukitua baitauka. Berez, egoerak barne saminez beteta egon litezke baina komediaren bitartezko kontrapuntua bilatzen da etengabe. Oro har, tonuaren diseinuan oreka txukuna lortzen dela esan genezake. Balantza honek, tamalez, ez du uneoro irauten. Pelikula eraginkorra da bere planteamenduan, pertsonaiaren krisialdi desberdinen arteko sinergia dramatikoa lortu egiten da, baina behin korapiloa garatzen hasita, hainbat arazo sortuko dira. Barne gatazken errepikatzea izango dugu lehenik, nolabait gatazkok trabatu egiten diren arte (frekuentziek osasunean izan dezaketen eraginen inguruko kezkaren sekuentziak, esaterako) eta azpitrama beharko luketen pasarteekin desorekak eta erritmo arazoak daude: zentzu honetan, interesa Nico (Alex Garcia), protagonistaren lagun onenaren eta bazkidearen istoriora bideratu nahiko da. Ezkongabea, bere samina kontaktuen aplikazio baten bidez estaltzen du, eta Ainhoa (Olaia Caldera) Isaiasen emaztearen dudekin ere egingo du bat istorio honek. Belaunaldi baten sentipenetan dauden kasuistika anitzak elkarren ondoan jartzearen mekanismoak erritmo arazoak dakartza. Edonola, korapiloan pelikula zangotrabatzen bada ere, ez da erortzen eta azken herenean pelikula altxatzea lortzen du Viscarret-ek. Itxiera eszena ez da apurtzailea eta ez da erantzun irmorik planteatuko, baina zinez ederra da, eta pelikularen diskurtsoarekiko koherentea.
Hasierako pantaila beltza iruzkindu dugu lerrootako hastapenean. Pelikulan bada, edonola, honen B aldea (zein ederra diskoen B aldearen eta bizitzaren inguruko konparaketa, bide batez). Antsietateak erabat hartuta, lo egitea ezinezko izango du Isaiasek, eta bere burua «hutsik» uzten ahaleginduko da. Eta hala sartuko gara bere subjektibitatean, eta guk ere pantaila zuria ikusiko dugu, bat-batean pertsonaiaren traumen, beldurren edo bere desira ezkutuen irudiak azalduko zaizkigun arte. Pantaila beltza gaztetasunari zegokion, iragan mingarririk ez zuena eta etorkizuna itxaropenez begiratzea ahalbidetzen zuena. Pantaila zuria, aldiz, zahartzaroaren atarian azaltzen dena, ezin daiteke saihestu, aurrean azaltzen zaigu bere argi zanpatzailearekin: puntu honetan iraganak gure nostalgia pizten du eta etorkizunak gainbehera baino ez digu ekarriko. Pelikulak dituen aspektu iradokitzaile eta abstraktu hauek dira akaso bere aurkikuntza filmikorik handiena, Bilboko Kale Nagusia erabat hutsik ateratzea kasu, neska patinatzaile gazte batzuek errepidetik aurrera egiten duten bitartean. Bizitzaren ibai norabide-bakarrean gaztetasunaren egun arduragabeei agur esaten egongo bagina bezala.