Uliako merenderoaren kudeaketa adjudikatu gabe gelditu da
Uliako merenderoaren kudeaketa lehiaketa publikora atera zuen udalak apirilean, baina adjudikatu gabe gelditu da, udaleko iturriek baieztatu dutenez. Ez da enpresarik aurkeztu lehiaketa publikora, beraz, udalak adjudikazioaren baldintzak moldatu eta beste lehiaketa batera deitu beharko du, enpresaren bati kudeaketa adjudikatu nahi badio.
2011n berritze lanak egin zituzten Uliako merenderoan, Basollua ehiza elkartearen egoitza zaharrean. Itxura berrituarekin berriz martxan jarri zuten taberna eta jatetxea. Ordea, merenderoa ustiatzeko baimena zuen enpresak ezin izan zuen udalaren kanona ordaindu, eta lau urte baino gehiago daramatza itxita tiro eremu izandako lekuak. 76.000 euroko zorra pilatu du. Eremua kudeatzen ari zen enpresak uko egin zion udalarekin zuen kontratuari, eta beraz, Donostiako Udalak Uliako merenderoa adjudikatzeko lehiaketara deitu zuen apirilean.
Eraikina udal parkearen barruan dago, eta udal titulartasuneko jabari eta zerbitzu publikoko ondasun bat da. Guztira 261, 50 metro koadroko azalera eraikia du. Kafetegi eta merendero moduan erabili beharko luke enpresa kudeatzaileak, eta egokitzapen lanak egiteko 89.744 euroko gutxieneko inbertsioa egin beharko luke, apirileko lehiaketa publikoko baldintzen arabera. Emakida hamar urterako ematekoa zen udala, eta bi aldeek hala adostuz gero, urtez urte luzatu ahal izango litzateke, gehienez ere bost urtez.