Umore Horia lehiaketa dibertigarria egin dute Igeldoko jaietan
Igeldon San Pedro jaiak ospatzen ari dira, eta azken urteotako jarduera arrakastatsuenetariko batek ez du huts egin larunbat arratsaldean: Umore Horia lehiaketak. Aurten, lau talde lehiatu dira: beltzak, berdeak, zuriak eta moreak –urtero lehiatzen dira moreak, eta onenak ez badira ere, jatorrenak bai, IRUTXULOKO HITZAk hori baieztatu dezake–. Jende ugari bildu da plazan, ikuskizunaz gozatzeko. Hainbatetan egin dute Umore Horia Igeldon, eta 2019koa eta 2022koa ere jaso zituen hedabide honek.
Bost proba egin behar izan dituzte taldeek. Lokotx bilketa bereziarekin hasi dira: talde bakoitzeko kide batek teniseko pilota bat zuen galtzerdi bat jarri behar izan du buruan, plazan zeuden botilak pilotarekin bota eta beste taldekide batek bildu zitzan. Bigarren proba globoarena izan da: plazaren alde batean globoak ondo puztu behar zituzten taldeek, ondoren bi taldekideren artean eta eskuak erabili gabe globoa plazaren beste aldera eraman eta aulki baten aurka gorputzarekin lehertzeko.
Hirugarren proba ping-pong pilotarena izan da: taldeek plazaren alde batetik bestera eraman behar zituzten pilotak, ubide formadun pieza batzuk bata bestearen atzetik jarriz, pilota lurrera erori arte. Azken aurren proba uztairena izan da, zeinetan taldekideek eskuetatik helduta egon behar zuten, eta uztaia elkarri pasatu behar zioten, eskuak askatu gabe; soilik gorputza mugituz, alegia.
Azkenik, Igeldoko baserriei buruz argitaratu berri duten liburua hartu dute, eta bost galdera egin dizkie aurkezleak taldeei; erantzunak liburuan zeuden, eta erantzuna aurkitu bezain laster, taldekideren batek plaza gurutzatu, panderoa jo eta erantzuna eman behar zuen. Azkenean, talde gazteena izan da garaile, talde berdea. Lehiaketa giro ederrean egin dute hasi eta buka, eta ziur baten bati gaua ere luzatuko zaiola, giro ederrean. Igandean bukatuko dira Igeldoko jaiak, baina askotariko jarduerak dituzte oraindik aurretik; hemen duzue egitarau osoa.
Jarraian, Umore Horiaren bideoa eta irudi bilduma ikus ditzakezue: