Ana Minguez dantzari donostiarra izango da Donosti Belle Swing jaialdiko irakasleetako bat
Hilaren 14an irekiko dute jaialdian izena emateko epea.
Azaroaren 3tik 5era egingo dute Donosti Lindy Hop elkarteak antolatutako VI. Donosti Belle Swing dantza jaialdia, baina dagoeneko eman dituzte ekitaldiaren nondik norakoak. Alde batetik, parte hartuko duten dantza irakasleak nortzuk izango diren jakinarazi dute: Trisha Sewell, Mimmi Gunnarsson, Fredrik Dahlberg, Ana Minguez, Markus Rosendal, Pavlina Korcova eta Peter Epic. Ana Minguez donostiarra da, eta oso ezaguna da lindy hop dantza estiloaren munduan.
Bestalde, Enric Peidro Swingtet & Carole Alston taldeak joko du jazza eta swinga ardatz izan ohi dituen dantza jaialdian, eta Patxi Crazy Legs eta Dukemcvouty DJ-ak ere ariko dira. Jaialdian lindy hopa dantzatzen ikasteko zein musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera egongo da, eta joan ahal izateko izena eman beharko da. Hain zuzen ere, hurrengo ostiralean (hilak 14) irekiko dute izena emateko epea, jaialdiaren webgunearen bidez.