Bull DJ-a, zozketak eta pintxoak izango dira I. Txirrita mendi lasterketaren ostean
Abuztuaren 6an Txirrita mendi lasterketa egingo dute lehen aldiz Altzan, eta antolatzaileek egitarau oparoa prestatu dute egun horretarako. Bull DJ-ak berotuko du giroa lasterketaren ondoren, eta askotariko pintxoak eta zozketak ere egongo dira. Horrez gain, lasterketa streaming bidez ikusteko aukera ere egongo da, lasterketaren YouTube eta Twitch kanalen bidez.
Egitarauaz gain, lasterketaren spota ere argitaratu dute antolatzaileek. Spotean Txirrita (Jon Gotzon Gurrutxaga Bull DJ-a) eta lasterketako parte hartzaile bat (Ane Fernandez Ajaa) dira protagonistak, eta euren hartu-emanean oinarritutako istorioa kontatzen da; bideoa Txotx kolektiboak sortu du. Bideo promozionalaren zati bat Txirrita zenaren baserrian grabatu zen, Gazteluene baserrian (lasterketa ere bertatik igaroko da). Keinu horrekin, lasterketaren antolakuntzak mendi lasterketaz harago Altzako historia eta kultura zabaltzeko “konpromiso irmoa” adierazi nahi izan du.
16,6 kilometro izango ditu Txirrita mendi lasterketak, eta izen ematea oraindik zabalik dago esteka honetan.
Hona hemen Txotx kolektiboak prestatu duen spota: