Manteoko berdegunean protesta egin dute 'Culinary Center kanpora' lelopean
Groseko Okendo Alde eremuan eraiki nahi duten Basque Culinary Centerren egoitzaren aurkako protesta egin zuen atzo Ulia Auzo Elkarteak.
Manteoko berdegunean Culinary Center kanpora leloaren hitzak jarri zituzten. “Hiriaren eredu jasangarriaren defentsan, kulturaren, kirolaren, eta guztiontzako babestutako etxebizitza publikoen aldeko ingurunea” sortzea nahi du auzo elkarteak.
Egoitza Groseko berdegunean eraikitzea salatu dute, beste behin ere, “ingurumenaren eta bertako gazteen bizimoduaren aurkakoa dela” uste dutelako. Kontziliazio eskaintza zabaldu diete udaleko alderdiei, eta EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren erantzuna jaso dute, eta elkarrizketarako prest daude. Aldiz, EAJk eta PSE-EEk ez diete erantzunik eman, baina oraindik ere bizilagunek ez dute itxaropena galtzen, eta “alderdien jarrera berraztertu eta elkarrizketa eraikitzailearekin deia zabaltzen diegu” adierazi dute.
“Basque Culinary Center egitasmo entzutetsu eta prestigiotsua dela ulertzen dugu, baina gure komunitatearentzat eta ingurumenarentzat aukera hobeak daudela uste dugu. Ez ditugu sakrifikatu nahi gure parkeek Uliako bizilagunei eta Donostiako hiri osoari ematen dizkieten onurak”, nabarmendu dute. Gaur egungo azpiegiturak mantentzearen alde azaldu dira. Hau da, Okendo Kultur Etxea eta kirol ekipamenduak. Aldiz, haien inguruan “elkarbizitza armoniatsu bat” sortu nahi dute bizilagunek.