Elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean Iruñeko erailketa matxista salatzeko
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak antolatuta, elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean gaur 19:00etan, Iruñeko erailketa matxista salatzeko. Izan ere, gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen larunbatean, uztailaren 1ean, Iruñean, Ermitagaña auzoan kokatutako Anaiak tabernaren barruan, Francisco Aleson kalean. Erasotzailea eta biktima bikote eta bazkide ziren, ondorioz, genero indarkeria egotziko diote gizonari.
Ustezko erasotzaileak hilketa aitortu du Udaltzaingoan, eta azaldu duenez, taberna barruan izandako errieta batean emaztea labankadaz hil zuen.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ohar batean bidez adierazi du Euskal Herria “sutan” dagoela, zortzi astetan lau erailketa matxista izan direlako. “Kaleak hartuko ditugu aurten gure herrian gertatu den laugarren hilketa matxista gogor salatzeko”, aldarrikatu dute. Era berean, elkartasuna adierazi diete eraildako emakumearen lau haurrei, familiari, lagunei.
“Nazkatuta gaude! Gizartearen antolaketa patriarkalak uneoro indarkeria matxista gure artean egotea ahalbidetzen du, bai erakundeetan, bai kalean eta baita ingurune hurbilenean ere. Sotilenetik odoltsuenera, emakumeok ehunka eraso mota jasaten ditugu gure egunerokoan. Feministok oso argi daukagu hori, argi daukagunez arazoa egiturazkoa dela, sistema heteropatriarkalaren ondorioa, eta ez dela etengo gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte”, nabarmendu dute oharrean.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dutela jakinarazi dute. Feminismoaren bidea “gizartea errotik aldatuko duen bidea” dela aldarrikatu dute: “Eskuina aurrera egiten ari den garai honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da politika feministak aldarrikatzea, bai erakundetik, bai herri mugimendutik, lortutako guztiari balioa ematea eta atzerapausorik ez onartzea. Pertsona guztiok dugu bizitza bizigarriak bizitzeko eskubidea, jatorria, sexua edo gizarte egoera edozein dela ere. Premiaz aldarrikatzen ditugu indarkeriarik gabeko bizitzak, bizitza duinak. Sistema hori irauli arte borrokan jarraituko dugu, feminismoak sistema patriarkala suntsitu arte”.