Haurren eta gazteen artean euskara sustatzeko jarduerak antolatu ditu udalak
Euskara Zerbitzuak lau ekimen antolatu ditu uztailean euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko. Jarduerak 5 eta 18 urte bitarteko haurrei eta gazteei daude zuzenduta, eta guztira 1.000 lagun inguruk hartuko dute parte.
Honakoak dira udalak antolaturiko jarduerak: Oporretan Euskaraz (5 eta 11 urte bitartekoentzat), Haurrak Udan Mintza Jolasean (8 eta 10 urte bitartekoentzat), Aisikasi (12 eta 15 urte bitartekoentzat) eta euskara ikastaroa (16 eta 18 urte bitartekoentzat).
Egitasmoa antolatzerako garaian, “arreta berezia” jarri nahi izan dute Euskal Herrira iritsi berri direnengan, baita euskara erabiltzeko gaitasun urria dutenengan ere. Jarduerak uztailaren 3tik 28ra egingo dira, euskara ikastaroa izan ezik —azken hori uztailaren 24an amaituko da—.