Udalak "arbuiatu" egin du Ion Aranburuk Sorian pairatutako eraso ultraeskuindarra
Donostiako Udalak erakunde adierazpen bat onartu du, Ion Aranburu 44 urteko donostiarrak Sorian (Espainia) pairatutako eraso ultraeskuindarra gaitzesteko eta Aranbururen senide eta lagunei elkartasuna adierazteko. EH Bilduk aurkeztu du erakunde adierazpena, eta EAJk, PSE-EEl eta Elkarrekin Podemosek alde bozkatu dute; PPk, aldiz, aurka bozkatu du.
Adierazpenak dioenez, “Donostiako Udalbatzak arbuiatu egiten du Sorian Antiguako 44 urteko bizilagun batek jasotako erasoa, zeinaren ondorioz larri dagoen”. Halaber, udalbatzak “elkartasuna eta babesa” adierazi die Aranbururen “familiari eta lagunei”. Hirugarrenik, “erasoa argitzeko” eskatu die udalbatzak “dagokien erakundeei”.
Numancia-Cornella partidaren harira
Numancia eta Cornella taldeek maiatzaren 27an Los Pajaritos estadioan jokatu zuten partidaren harira zegoen donostiarra Sorian, Cornellako lagunekin partida ikustera joan baitzen hara. Istiluak estadioaren inguruko taberna batean gertatu ziren, ultraeskuindar talde bat barruan zeudenak erasotzera sartu zenean, Aranburu. Haren gertukoek zabaldu duten informazioaren arabera, Leganesko (Madril, Espainia) Guetto 28 eta Zaragozako (Aragoi, Espainia) Ligallo talde ultraeskuindarretakoak ziren erasotzaileak. Donostiarrak koman pasatu ditu hainbat aste, baina joan den astetik komatik kanpo dago, eta Donostiako Ospitalera ekarri dute.
“Familiak eta lagunek azaldu dutenaren arabera, Ion taberna batera joan zen, non Numanciako eta Cornellako zaleak zeuden, ‘errespetuz eta giro onean’. Hala ere, ‘aurpegia estalitako 50 bat faxistek’ eraso egin zieten eta harri batek larri zauritu zuen donostiarra”, erakunde adierazpenean azaldu dutenez. “Erasoa ‘erabat antolatua’ izan zela gaineratu dute familiak eta lagunek, beste toki batzuetako ‘faxistek’ ere parte hartu zutela eta Espainiako Poliziaren jokabidea zein tratamendu mediatikoa salatu dute”, gehitu dute. Hedabide honek Aranbururekin Sorian zegoen Juanjo Zubiria elkarrizketatu zuen ekainean.