Udan kulturaz gozatzeko jarduerak antolatu ditu Tabakalerak
Lantegiak, festibalak edota bi zinema ziklo prestatu dituzte, besteak beste. Egitasmo batzuk hiriko beste eragile batzuekin elkarlanean sortu dituzte.
Tabakalerak udako programazioaren berri eman du, eta eraikinaren barrualdean zein kanpoaldean hamaika jarduera antolatu ditu adin tarte guztientzat. Medialab magnoliatan egitasmoak, esaterako, hirugarrenez hartuko ditu Tabakaleraren sarrera nagusiaren inguruak (Andre Zigarrrogileak plaza). Sorkuntzarako tartea ere egongo da, Udako lantegiak jardueraren bitartez; saio horiek Bertol Arrietak, Sandra Garaioak, Maria Elorzak, Mari Campistronek eta Mejillon Tigre kolektiboak gidatuko dituzte, besteak beste. Sarrerak salgai daude dagoeneko jardueraren webgunean.
Uztailaren 13tik 15era Musika dena eta ez dena festibalaren txanda izango da. Festibalak musika, soinua eta arte garaikidearen arteko gurutzaketak uztartzen ditu, eta etxeko zein nazioarteko izen garrantzitsuak elkartuko dira bertan. Ildo horretatik, Donostian antolatu eta nazioartean sona handia duten jaialdiekin elkarlanean arituko da Tabakalera: Jazzaldiko eta Musika Hamabostaldiko zenbait emanaldi bertan eskainiko dira, eta abuztu bukaeran Glad is the Day eta Dantz festibalekin bat egingo du.
Zinema programazioak ere egitarau berezia izango du udan zehar, bi ziklo berrirekin: Jazzinema eta Mia Hansen-Løve zuzendari frantsesari eskainitako zikloa.
Antolaturiko jarduera guztien informazio xehea Tabakaleraren webgunean ikus daiteke. Jarduera horiek guztiak inauguratu berri den That Time erakusketari batzen zaizkio.