41 establezimendu berri zabaldu dituzte Donostian urteko lehen seihilekoan
Ekaina amaitu da, eta merkataritza lokalen irekieren joera positiboari eutsi zaio, itxieren aldean. Ba Gera! merkataritza elkarteak bildu dituen datuen arabera, ekainean soilik merkataritza establezimendu baten itxiera zenbatu dute, ateak ireki dituzten hamaika establezimendu berrien aurrean.
Itxierei dagokionez, ekaina izan da aurtengo hilabeterik onena establezimenduen ixteari dagokionez; izan ere, Erdialdeko Optika 2000 itxi dute, eta Amara auzoko Igeldo gozotegia erretiroagatik itxiko dutela jakinarazi dute (uztailerako aurreikusita dago).
Hilabete honetan hamaika establezimendu berri ireki dituzte Donostian; horietatik sei saltokiak dira, hiru zerbitzu establezimenduak eta bi ostalaritzakoak. Erdialdea da irekiera gehien biltzen dituen auzoa (sei establezimendu berri), ondoren Alde Zaharra eta Antigua daude (bi irekiera, hurrenez hurren).
Lehen seihileko balantzea
Ba Gera! elkarteak jakinarazi duenez, urteko lehen seihilekoan irekieren balantze positiboa egingo dute, establezimenduen itxierekin alderatuz. 33 establezimendu itxi dira (merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza) eta 76 establezimendu ireki berri; orotara, 41 establezimendutako saldo positiboa erregistratu dute.
Sektoreen araberako azterketari dagokionez, merkataritza da itxiera gehien dituen sektorea (hogei establezimendu), zerbitzuen (sei itxiera) eta ostalaritzaren (bederatzi itxiera) aurrean. Hala ere, establezimenduen irekiera ia lineala da hiru sektoreetan: 26 establezimendu berri merkataritzan eta zerbitzuetan, eta 24 ostalaritzan.
Auzoen araberako bilakaerari dagokionez, Erdialdea, Gros eta Antigua dira jarduera handiena duten auzoak, establezimenduen itxierei eta irekierei dagokienez. Erdialdea, Gros eta Antigua dira establezimendu gehien itxi dituzten auzoak: hogei erdialdean, zazpi Grosen eta bost Antiguan.
Era berean, irekiera gehien dituztenak hauek dira: 31 Erdialdean, hamasei Grosen eta hamaika Antiguan, eta, ondoren, Amara eta Alde Zaharra, zazpina irekierarekin.