Bost urteko gabealdia luzatu diote etxegabetze arriskuan zegoen emakume donostiarrari
Kaleratzeak Stopek biharko deitutako elkarretaratzea bertan behera utzi duela adierazi du, BBVA bankuak bost urteko gabealdia zuzendu eta baieztatu ostean, plataformak eskatu zuen moduan. Kaleratzeak Stopek 74 urteko emakume donostiar bat laguntzeko bost urteko gabealdia eskatu zion bankuari, emakume horren hildako alabak negozio bat irekitzeko jaso zuen maileguaren gainean.
Emakumeak, bere etxebizitza, ordurako ordainduta zegoena, gaur egun hilda dagoen alabaren negozioa irekitzeko maileguaren berme gisa jarri zuen. BBVArekin bost urteko gabealdia sinatu zuen, zaurgaritasun egoeran bizi baita, 418,75 euroko kuotarekin. Pasa den martxoan laguntza horiek amaitu ziren, eta emakumeak zaurgarritasun egoeran jarraitzen duenez, Kaleratzeak Stopek gabealdia luzatzeko eskatu zion bankuari. Arazoa da BBVAk ez zuela eskaera onartu; aldiz, gaur jakinarazi dutenez, eskaera onartu eta beste bost urtez luzatuko diote gabealdia donostiarrari.
Euriborraren igoera dela eta, bankuek irabazi handiak izan dituzte azkenengo urteetan, eta Euskal Herriko hainbat familiak ezin izan diete aurre egin egoerari, kuotak 300 euro garestitu direlako, plataformak gogorarazi duenez. Gainera, Kaleratzeak Stopek eskatu du “erregulazio kodearen baldintzak malgutzea familia hauek berankortasunean ez erortzeko, eta etxegabetzearen etorkizuneko demanda ez jasotzeko”.